Gizartea -

eguraldia

Pazko Asteak euria eta tenperatura jaitsiera ekarriko dizkigu

Ostegun arratsaldean eguraldiak apur bat egingo du hobera, baina ordura arte, giro desatsegina izango da nagusi.

Hodeiak izango ditugu protagonista datozen egunetan. Argazkia: Xabier Elguezua
Areeta (Getxo), gaur.
Hodeiak izango ditugu protagonista datozen egunetan. Argazkia: Xabier Elguezua

Eider Garaikoetxea O. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pazko Asteari ekin eta berehala, bertan behera geratuko da Aste Santuan nagusitu den giro atsegina, EITB Mediako Meteorologia zerbitzuak eta Euskalmet agentziak egindako iragarpenaren arabera.

Astelehenean ahuldutako fronte batek hodeiak eta euri arina ekarriko dizkigu. Hala, goizean goizetik hodei dezente agertu dira, eta baliteke han-hemenka euri apur bat egitea, batez ere isurialde atlantikoan. Lurraldearen hegoaldean (Nafarroa erdialdea, eta hegoaldean eta Arabar Errioxan) tantaren bat bota badezake ere, oro har, ateri eutsiko dio eta tarteka eguzkia ikusi ahalko dugu. Eguerdi aldera mendebaldeko haizeak iparraldera egingo du, eta arratsaldean indartu egingo da, haizeguneetan bolada gogorrekin. Horren ondorioz, tenperatura maximoek nabarmen egingo dute behera eta 15-16 ºC-ren bueltan geratuko dira.

Asteartean giro bustia eta freskoagoa izango dugu; termometroek ez dituzte 13 ºC-ak gaindituko. Hodei dezente agertuko dira eta zaparradak botako ditu, tarteka mardulak, batez ere isurialde atlantikoan. Bezperan ez bezala, denean egingo du euria. Ekaitzak ere jo dezake, bereziki egunaren bigarren partean. Ipar-mendebaldeko haizea indartu egingo da eta tenperatura are gehiago jaitsiko da: Baionan, Bilbon eta Donostian 13 ºC-ren bueltan ibiliko dira maximoak eta Iruñean eta Gasteizen, 10-12 ºC inguru. Elur maila 1.000 metrora jaitsiko da egunaren amaieran.

Asteazkenean ildo beretik jarraituko du aroak. Hodeiak izango dira nagusi eta aldizka zaparrak botako ditu, sarriago eta ugariago isurialde atlantikoan. Gainera, egunaren lehen partean bereziki, zaparradak trumoitsuak izan daitezke.  Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, tarteka zakar, eta tenperaturan ez da gorabehera handirik izango.

Joeraren arabera, ostegunaren lehen partean giro ilunarekin jarraituko dugu, baina arratsalderako hobera egitea espero da. Tenperaturek gora egingo dute, haize aldaketarekin batera (ekialdera egingo du). 

Eguraldiaren inguruko informazio eguneratua izateko, eitb.eus-en ikus dezakezu noiznahi, eta zure argazkiak bidali.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Iparraldea EAE albisteak Eguraldia Bilbao Gizartea bideoak Albisteak Gaur Albisteak Aste Santua