Gizartea -
Koronabirusa
Lan-eremuan maskararen erabilerari buruz dauden zalantzak argitzeko gida bat argitaratu du Osalanek
Lan-eremuan maskararen erabileraren inguruko kezkak argitze aldera, zalantza nagusiei erantzuna emateko gida argitaratu du Osalanek.
EITB MEDIA
Dagoeneko ez da nahitaezkoa barnealdeetan musukoa erabiltzea. Baina arau berriak zalantza asko eragin ditu, batez ere, lan-eremuan.
Arlo horretan maskararen erabileraren inguruan sortu diren kezkak argitze aldera, galdera-erantzunen gida argitaratu du Osalanek, enpresek, prebentzio arduradunek eta, oro har, langileek prebentzio neurriak hartzeko kontuan izan beharreko irizpide eta gomendioak bilduta.
Oro har, musukoa erabiltzea ez da derrigorrezko izango lan-eremuetan, baina enpresa bakoitzeko arriskuen prebentzio arduradunek erabakiko dute lanpostuetan maskara erabili ala ez, lanpostu bakoitzaren arrisku-mailaren arabera. Salbuespenak izango dira, hala ere, langile jakin batzuek derrigorrez eraman beharko baitute aurrerantzean ere.
Nork erabili beharko du maskara lanean?
- Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetako langileek
- Zentro soziosanitarioetako langileek
- Pertsonen garraiobideetako langileek
Gainera, maskara erabiltzeko gomendioa egiten zaie langile kalteberei, luzaroan 1,5 metrotik beherako distantzian beste pertsona batzuekin kontaktua izan behar badute, bai eta kalteberatasun-faktoreak dituzten irakasleei ere.
Arriskuen ebaluazioan, zer elementu hartuko dira kontuan?
- Aireztapen egokia
- Okupazio-maila
- Pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia
- Bertan ematen den denbora
- Jarduera
- Tenperatura eta hezetasun erlatiboaren baldintzak
- Espazio komunak erabiltzea (aldagelak, jantokiak, etab.)
- Partekatutako garraiobide partikularrak
- Lanpostuan pertsona kalteberak egotea