Gizartea -

Azterketa

EAEko eta Nafarroako biztanleria seniorrak langabezia-tasa baxuenak eta pentsio hoberenak ditu

"Senior ekonomiaren lurraldeen sailkapena 2021" azterlanean jasotako zenbait adierazletan lehen postuetan egoteagatik nabarmendu dira bi erkidegoak. Azterlan horrek biztanleria seniorrarekiko "adeitasun" ekonomikoa neurtzen du.

Gizon eta emakume helduak, paseoan. EITBren bideo batetik hartutako irudia.
Gizon eta emakume helduak, paseoan. EITBren bideo batetik hartutako irudia.
Gizon eta emakume helduak, paseoan. EITBren bideo batetik hartutako irudia.

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur argitaratu den ikerketa baten arabera, Nafarroa da espainiar Estatuan jaiotzean bizi-itxaropen handiena duen bigarren autonomia-erkidegoa 83,3 urtekoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoa laugarrena da 83,16ko bizi-itxaropenarekin; estatuko batez bestekoa 82,14 urtekoa da.

Osasun-egoera onean dagoen bizi-itxaropenari dagokionez, batez bestekoa 59,92 urtekoa da EAEn eta 57,52koa Nafarroan, Espainiako Estatuko batez bestekoaren 55,71 urteen gainetik biak.

"Senior ekonomiaren lurraldeen sailkapena 2021" izenburua darama Mapfre Fundazioaren Ageingnomics ikerketa-zentroak egindako ikerketak, eta datu ofizialetan (INE eta beste batzuk) oinarrituta dago.

Txosten horrek sei dimentsiotan eta 24 adierazleren bidez ebaluatzen du autonomia-erkidegoek biztanle seniorrekiko, hau da, 55 urtetik gorako pertsonekiko, duten "adeitasuna". Azterlanak, besteak beste, biztanleriaren kategoria horretako jarduera- edo langabezia-tasari buruzko informazioa biltzen du, baita batez besteko pentsioari, adinekoen zentroei buruzko datuei edo telelaguntza-zerbitzuari buruzko datuen ingurukoa ere.

EAEk eta Nafarroak dituzte, nabarmen, 55 urte edo gehiagoko pertsonen artean langabezia-tasa txikienak; EAEn adin tarte horretan % 6,8 daude lan bila, eta Nafarroan, tasa % 7,01ekoa da. Estatuko batez bestekoa  % 12,06 da.

Gainera, EAEko pentsiodunek kobratzen dute gehien Estatuan, 1.460,08 euroko batez beste; Nafarroa laugarren dago rankinean, 1.343,45 euroko batez besteko pentsioarekin.

Pentsio-plan indibiduala duten biztanleei dagokionez, Euskadi eta Nafarroa ez daude rankingaren goialdean, bai, ordea, pentsio-plan indibidualetan biztanleek duten ondarean sailkapenean. EAEn batez besteko ondarea 18.994,01 eurokoa da eta Nafarroan 15.733 eurokoa; Estatu osoan batez bestekoa 11.011,88k eurokoa da.

Seniorren kolektiboari zuzendutako gizarte-zerbitzuei dagokienez, Nafarroa da 10.000 biztanleko adinekoen zentro gehien dituen bigarren erkidegoa, 2,39 zentrorekin; EAEk, berriz, 1,42 zentro ditu, eta bosgarren dago zerrendan. Estatuko batez bestekoaren (0,26 zentro) oso gainetik daude biak.

Hala ere, EAE nagusi da adinekoen bizitokietarako etxebizitzen sailkapenean 10.000 biztanle seniorreko, 6,85 etxebizitzekin. Nafarroa laugarren da zerrendan, 1,15 etxebizitzekin. Estatu espainiarreko batezbestekoa 0,90 zentrokoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Euskal Herrian Nafarroako albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Pentsioei buruzko albisteak 2024 Adinekoak