Gizartea -
operazioa
40 kilo marihuana eta 20 kilo haxix zeramatzan autokarabana bat atzeman dute Irunen
Bost pertsona atxilotu dituzte, eta beste bat ikertu, osasun publikoaren aurkako delitua egotzita.
agentziak | eitb media
Guardia Zibilak 40 kilo marihuana eta 20 kilo haxix zeramatzan autokarabana bat atzeman du Irunen. Guztira, bost pertsona atxilotu ditu, eta beste bat ikertu, delitu horrekin lotuta.
Guardia Zibileko zuzendaritzak gaur, ostirala, azaldu duenez, operazioa apirilaren 12an hasi zen, Guardia Zibileko Mugen eta Atal Fiskaleko agenteek autokarabana bat geldiarazi zutenean, Zaisa II industrialdean, mugatik metro gutxira.
Ibilgailua arakatu zutenean, agenteek 35 poltsa topatu zituzten fondo bikoitza zuen furgonetaren leku batean, eta poltsetan 37,9 kilo marihuana kukulu eta 20 kilo pisatzen zituzten lau haxix pakete topatu zituzten, Frantziara eraman nahi zituztenak.
Gidaria, jatorriz italiarra (47 urte) eta Malagako bizilaguna, atxilotu zuten osasun publikoaren aurkako delitua egotzita, drogarekin trafikatzeagatik.
Gainera, harekin zegoen 46 urteko emakume baten deklarazioa hartu zuten, ikertu gisa. Emakumea ere italiarra da jatorriz, baina Malagan bizi da.
Era berean, eta gertakari horrekin lotuta, Guardia Zibileko Auzitegi Poliziak beste auto bat topatu zuen, bidalketa berarekin zerikusia zuena, eta lau pertsona atxilotu zituen. Horiek laurak Irungo hotel batean zeuden, horietako hiru italiarrak dira, eta laugarrena espainiarra; guztiak Malagako bizilagunak.
Atxilotuak, atxikitako droga, ibilgailua eta ikerketan bildutako informazioa Guardiako Epaitegiaren esku utzi dituzte.