Gizartea -

Gerrak

Gerretan emakumeak eta neskatoak babesteko neurriak aldarrikatu ditu Donostian Amnesty Internationalek

Talde hori bere Batzar Nagusi Federala (AGF) egiten ari da egunotan Kursaalen, eta horixe izan da larunbat honetan jorratu duen gai nagusia.

Nilofar Bayat aktibista izan da Donostiako manifestazioaren buru. Arg: Amnistía Internacional España
Nilofar Bayat aktibista izan da Donostiako manifestazioaren buru. Arg: Amnistía Internacional España
Nilofar Bayat aktibista izan da Donostiako manifestazioaren buru. Arg: Amnistía Internacional España

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gerra-gatazketan emakumeentzako eta neskatoentzako babes handiagoa eskatu du Espainiar Estatuko Amnesty International taldeak Donostian gaur egindako manifestazioan. Izan ere, ekintzaileek salatu dutenez, "gatazka horietan bortxatu eta degradatu egiten dituzte, haiek eta haien komunitateak mendean hartzeko". Aldi berean, gerra horiei amaiera ematen dieten bake-negoziaketetan emakumeak kontutan hartzea eskatu dute ere.

Horixe izan da Amnesty International taldeak asteburu honetan abiatutako Batzar Nagusi Federalak (AGF) bere lehen egunean eskaini duen gaietako bat. Donostiako Kursaal Jauregian egiten ari dira hori, eta 250 bazkide eta aktibista baino gehiago bildu ditu.

"Garai eta kontinente guztietan, emakumeak bortxatu eta degradatu egiten dira", sexu-indarkeriako ekintzen bidez, hala nola bortxaketak, sexu-esklabotza, ezkontza behartua eta emakumeen eta neskatoen aurkako beste basakeria batzuen bitartez, adierazi du Maribel Tellado Espainiako Estatuko Amnesty Internationaleko kanpainen saileko arduradunak.

Azaldu duenez, horixe gertatu da Etiopian, Sirian, Bosnian edo Kolonbian, eta orain Ukrainan; izan ere, talde horrek askotariko kasuak atzeman ditu han, besteak beste, Kiev ekialdean dagoen herri bateko emakume batena. Emakume horrek kontatu duenez, bi soldadu errusiar sartu ziren bere etxera, senarra hil zuten eta behin eta berriro bortxatu zuten, pistola eskura, haren seme txikia galdara-gela batean ezkutatuta zegoen bitartean.

Amnesty Internationalek hainbat ikerketa-talde ditu, eta "kasu asko gehiago" aterako direla ziur dago Tellado.

Larunbat honetako saioan, Nilofar Bayat Afganistango aktibista, abokatu eta saskibaloi egokitutako jokalariak parte hartu du Batzarrean. Horrek bere herrialdetik ihes egin behar izan zuen talibanak boterera itzuli ondoren. Hark gogoratu duenez, hainbat hamarkadatako gatazkaren ondoren, Afganistango emakumeek euren eskubideen aldeko aurrerapausoak lortu zituzten, baina talibanak boterera itzuli zirenean, emakumeak bizitza publikotik ezabatu zituzten berriro ere.

Egoera horrek zerikusia du "bake-prozesuetan parte hartzen utzi ez zitzaielako, eta  kontuan hartu ez zituztelako", deitoratu du Amnesty Internationaleko ordezkariak.

Gaurko saioak amaitu ondoren, Kursaaletik abiatu den martxaren buru izan da Bayat, eta Donostiako Boulevardeko kioskoan amaitu da manifestazioa. Bertan, ekintzaile afganiarrak nazioarteko komunitateari eskatu dio emakumeak babesteko gatazketan eta bake prozesuei buruzko mahaietan paper bat emateko, "emakumerik gabe ez baitago bake justu eta iraunkorrik".

Palestinaren eta Israelen arteko gatazka izango da bihar jorratuko dituzten gaien ardatza. Izan ere, Philip Luther Amnesty Internationaleko Ekialde Ertainerako eta Afrikaren Iparralderako Ikerketa eta Lan zuzendariak "Israelen apartheid-a palestinarren aurka: gizateriaren aurkako menderatze eta krimen sistema krudela" txostenaren ondorioak azalduko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Afganistan