Gizartea -
Ukrainako gerra
Jaurlaritzak Isuri Funtsa aktibatu du Ukrainako gerra gizartean izaten ari den eraginari aurre egiteko
9,3 milioi euro EAEko gizarteko talde kalteberei bideratuko diete, eta 5,8 milioi, errefuxiatu ukrainarrak hartzeko programei.
Mikel Dominguez | EITB Media
Errefuxiatu ukrainarrak hartzeko kontingentzia-plana luzatu du Eusko Jaurlaritzak, "ez delako erregistratu sartu beharreko aldaketarik". Gainera, Jaurlaritzak 15,1 milioi euro bideratuko ditu gaurtik aurrera Isuri Funtsera, Ukrainako gerra gizartean izaten ari den eraginari aurre egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona kalteberei eta Ukrainatik datozen errefuxiatuei lagunduta.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak aktibatutako funtsak bi jarduera-ildo ditu. Lehenengo lerroak 5,8 milioi euro ditu, gerratik ihesi doazen pertsonei laguntzeko. Europar Batasunaren barruan adostutako aldi baterako babes-estatua dute errefuxiatu ukrainarrak, hain zuzen.
Hiru milioi euro, Caritasek kudeatuta, EAEko laguntza-sistemarako sarbiderik ez duten familiei harrera egiteko dira; Agintzarik kudeatutako milioi erdi euro pertsona horiei laguntza psikologikoa eta psikosoziala emateko erabiliko dira; Ellacuria Fundazioak kudeatutako beste milioi erdi euro boluntario-taldeak sortzeko erabiliko dira, eta 300.000 euro eskolaz kanpoko jardueretarako izango dira.
Dagoeneko EAEn bizi diren pertsona kalteberentzako partidari dagokionez, 9,3 milioi euro bideratuko dira gizarte-larrialdietarako laguntzetara, diru-sarrerarik ez duten pertsonei, pobrezia energetikoko egoeran daudenei, adineko pertsonei eta bakarrik dauden gazteei eta etxerik ez dutenei laguntzeko.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, laguntza horiek osatu egiten dituzte Nazioarteko eta Aldi Baterako Babeserako Harrera Sistemaren laguntzak, eta Estatuak laguntza horiek bere gain hartu arte iraungo dute.