Gizartea -
Eraldaketa digitala
EAEko ikasle guztiek ordenagailu bana izango dute ikasgelan, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera
2022-2024 aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planak hezkuntza sistema aro digitala egokitu nahi du. Horretarako, ikaslea ikaskuntza prozesuaren erdigunean kokatuko du. 202,6 milioi euroko inbertsioa egingo dute horretarako.
I. R. | EITB MEDIA
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak 2022-2024 aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Egitasmo hori gauzatzeko, 202,6 milioi euroko inbertsioa egingo du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, ikasleen zein irakasleen gaitasun digitalak sustatzea helburu.
Aurkezpenean azaldu dutenez, berrikuntza pedagogikorako palanka egingo duen esparru berri bat sustatzeko asmoarekin sortu da plan berria. Horrela, trebetasun digitalen garapena indartu nahi dute, hezkuntza-sisteman teknologiak "eraginkortasunez eta modu optimoan erabiliz".
Horretarako, ikasleak ikaskuntza-prozesuaren erdigunean kokatuko ditu plan berriak, "aro digitalean beren potentzial guztia gara dezaten". Horregatik, planak dituen helburuen artean dago ikasleen eta irakasleen trebetasun digitalak sustatzea. "Ezinbesteko urratsa da, euskal ikasleek mende honetako erronkei arrakastaz aurre egin diezaieten", horien iritzian.
Lehentasuna izango da hezkuntza-sistema guztia aro digitalera egokitzea, etapa guztietan. Halere, eraldaketa horrek ez du pedagogian bakarrik eragingo, lanaren antolaketan, azpiegituretan eta gobernantzan ere izango baitu eragina. Testuinguru horretan, esperimentazioak eta ingurune digitalen erabilerak bultzatuta egin behar da eraldaketa, praktika pedagogikoak hobetzeko.
Bildarratzekin batera, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea eta Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea egon dira aurkezpenean, eta, azaldu dutenez, eraldaketa hori "erronka" bat izango da, kolektiboki heldu behar izango zaiona. Horretarako, hainbat helburu orokor mahaigaineratu dituzte, hala nola Euskal Hezkuntza Sistemaren eraldaketa bultzatzea, teknologia digitalen erabilera edo aplikazioa integratuko duen eredu berritu baten bidez; irakasle eta ikasleen gaitasunak indartzea; hezkuntza-sistemako eragile guztien arteko lankidetza sustatzea; azpiegiturak egokitu eta modernizatzea, konektibitatea, segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko; eta teknologia digitalen erabilera arduratsua sustatzea, egon daitezkeen arrakala digitalak saihesteko.
EAE eraldaketa digitalaren testuinguruan
Ekonomia eta Gizarte Digitalen Indizearen 2020ko edizioak Eraldaketa Digitalaren joera positiboa erakusten du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), berau osatzen duten bost dimentsioetan: konektibitatea, giza kapitala, Interneteko zerbitzuen erabilera, teknologia digitalaren integrazioa eta zerbitzu publiko digitalak.
Oro har, EAE Europako batez bestekoa baino ia % 10 puntu gorago dago, eta Espainiako Estatuko batez bestekoa baino lau puntu gorago. Besteak beste, Alemania, Frantzia edo Austriaren aurretik dago. EAE da, gainera, ikasgeletan ordenagailu gehien dituen autonomia-erkidegoa, batez beste ordenagailu bakoitzeko 1,5 ikasle baititu; azken bi ikasturteetan Hezkuntza Sailak 160.000 ordenagailu eramangarri erosi ditu ikastetxeak hornitzeko.