Gizartea -

Gipuzkoa

Bi gizon gazte atxilotu dituzte Ordizian hilketa saiakera delitua egotzita

24 eta 28 urteko gizasemeei beste bati labanaz eraso egitea leporatu diete. Biktima albo batean eta garondoan zauritu zuten, eta ospitalean dago ordutik, bere bizia arriskuan ez badago ere.

Agentziak| EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bi gizon gazte, 24 eta 28 urtekoak, atxilotu zituen atzo Ordizian (Gipuzkoa) hilketa-saiakera delitua egotzita, beste gizon bati eraso baitzioten arma zuriz.

Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, erasoa atzo arratsaldean jazo zen. Labana batekin egindako balizko eraso baten berri izan zuen Ertzaintzak, eta patruila adierazitako lekura iritsi zenean, albo batean eta garondo inguruan hainbat zauri zituen gizon bat topatu zuten.

Lesioak ikusita, agenteek zauriak estali behar izan zizkioten anbulantzia heldu bitartean. Biktima egonkortuta, Zumarragako Ospitalera eraman zuten, eta bertan dago, arriskutik kanpo bada ere.

Gertatutakoari buruzko informazio guztia bildu ondoren, agenteek inguruak miatu eta erasoarekin zerikusia omen zuten bi gizon atxilotu zituzten handik gutxira, homizidio-ahalegina leporatuta.

Bi gizonek aurrekariak dituzte estupefazienteak banatzeagatik. Aurreikuspenen arabera, gaur bertan eramango dituzte Tolosako Guardiako epailearen aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Ordizia Albisteak Erailketak