Gizartea -
SARE SOZIALAK
Sei gizon kondenatu dituzte Donostian baimenik gabe grabatutako bideo sexual bat zabaltzeagatik
2016ko uztailaren 30ean grabatu zituzten irudiak, 05:00ak inguruan, bikote bat Gipuzkoa plazako arkupeetan sexu-harremanak izaten ikusi zutenean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sei gizon kondenatu dituzte WhatsApp aplikazioko taldeen bidez Donostiako Gipuzkoa Plazan bikote batek izandako sexu-harremanen irudiak zabaltzeagatik. Bideoa bikotearen baimenik gabe grabatu zen, eta, ondorioz, sei gizonek urte erdiko kartzela-zigorra jaso dute intimitatearen aurkako delitu batengatik.
Sei erruztatuek astelehen honetan aitortu dute irudiak beraiek zabaldu zituztela, eta kartzela-zigorra onartu dute. Halaber, 720 euroko isuna ordaindu beharko dute, eta bideoan agertzen den emakumeari 12.000 euroko ordaina eman beharko diote.
Fiskaltzak urte eta erdiko espetxealdia eskatzen zuen bakoitzarentzat. Emakume kaltetuak, berriz, hiru urteko kartzela-zigorra eta 60.000 euroko ordaina eskatzen zituen.
2016ko uztailaren 30ean grabatu zituzten irudiak, 05:00ak inguruan, bikote bat Gipuzkoa plazako arkupeetan sexu-harremanak izaten ikusi zutenean. Bideoa hedatzearen ondorioz, emakumea emozionalki kaltetua izan zen. Bideoa bere ingurune pertsonal, familiar eta laboralera iritsi zen, eta emakumeak arriskuan ikusi zuen bere irudi publikoa.