Gizartea -
BILBO
Dagoeneko eskuratu daitezke merkataritzako Bilboko Bonuak
Guztira bost bonu eskuratu ahal izango dira NAN bakoitzeko. Gainera, erosketa tiket bakoitzeko, gehienez lau bonu trukatu ahal izango dira. Establezimenduek 200 bonu bereganatu ahal izango dituzte.
EITB MEDIA
Asteazken honetan, 16:00etan, jarriko dituzte eskuragarri merkataritzako Bilboko Bonuak, eta ekainaren 30era arte eskuratu daitezke (aurretik agortzen ez badira). Bilboko Udalak milioi bat euroko aurrekontua bideratu du ekimen honetara, eta 63.603 bonu merkaturatuko dira, iazko antzeko kopurua. Aurreikuspenen arabera, ekimenak 4,4 milioi euro inguruko negozio-bolumena mugiaraziko du hirian.
Bonuen prezioa 30 eurokoa izango da, eta zenbateko horren erdia Udalak ordainduko du eta beste erdia herritarrek. Bonuak www.bonobilbao.eus webgunean eta Kutxabankeko kutxazainetan eskuratu ahalko dira. Horietako batzuk, baina, establezimenduetan eskuratu ahalko dituzte 65 urtetik gorako pertsonek, arrakala digitalari aurre egiteko.
Guztira 5 bonu eskuratu ahalko dira NAN bakoitzeko, eta erosketa tiket bakoitzeko lau bonu trukatu ahalko dira gehienez. Erabiltzaileak bonuaren QR kodea edo bonua inprimatuta aurkeztu beharko du erosketa egiterakoan.
Establezimenduek, bere aldetik, gehienez 200 bonu eskuratu ahalko dituzte; plataformaren edo kutxazainen bitartez eskuratutako 150 eta saltokian bertan 65 urtetik gorako pertsonek eskuratutako 50. Halaber, Bilboko Bonuak beste administrazio batzuek abiatutako kanpainekin bateragarriak eta pilagarriak dira.
Bilboko Bonuen programa Covid-19aren kalteen aurkako Bilbao 2022 Planaren barruan dago, eta pandemiaren ondorioz kalte gehien jasan duten sektoreetan herritarren kontsumoa sustatzea du helburu.