Gizartea -
SANFERMINAK 2022
Sanferminak iragartzeko kartelaren bozketan iruzurrik egon ote den argitzeko salaketa jarri du Iruñeko Udalak
Udaleko lehen alkateorde Ana Elizaldek azpimarratu du oraingoz aztertzen ari direla zer gertatu den eta gertatu dena legezkoa ote den edo ez. Zentzu horretan, eta segurtasun ezaren aurrean, "erabaki zuhurrena bozketa bertan behera uztea zen", adierazi du.
EITB MEDIA
Iruñeko Udalak salaketa aurkeztu du Udaltzaingoaren aurrean, 2022ko San Fermin jaien kartela aukeratzeko bozketa prozesuan ustez izandako iruzurra iker dezaten.
Udalak hainbat egunetan atzemandako irregulartasunak salatu ditu, kartel zehatz baten aldeko ezohiko boto pilaketak izan baitira ordu-tarte jakin batzuetan.
Atzo Iruñeko Udalak aurtengo Sanferminetako kartelaren bozketa bertan behera uztea erabaki zuen, iruzur susmoak zirela eta. ANIMSA enpresa publikoak, udalaren webgunea kudeatzeaz arduratzen denak, horrelako prozesuetan egiten diren ohiko ikuskapenetan ezohiko boto kopuru bat antzeman zuen kartel baten alde azken egunetan, ordu-tarte jakin batzuetan.
Antza, ikuskaritza horietan, kartel batek bozen % 90 lortu zituen larunbatean eta igandean, 20:00etatik 23:30era. Egoera berriro errepikatu zen atzo eguerdian, 13:00etatik 13:30era, kartel beraren aldeko ezohiko boto kopurua.
Kartel berdina babesteaz gain, boto horiek ezaugarri bat dute amankomunean, gehienek ez dute bigarren abizena ematen, aukerazko datua baita, baina gainerako boz gehienetan ez da gauza bera gertatzen.
Apirilaren 25ean hasi zen 2022ko sanferminak iragartzeko kartela aukeratzeko bozketa fasea, eta atzo zen amaitzekoa. Hala ere, iruzurra egon litekeela eta, prozesua gelditzeko erabakia hartu dute.
Iruñeko Udaleko lehen alkateorde Ana Elizaldek azpimarratu du oraingoz aztertzen ari direla zer gertatu den eta gertatu dena legezkoa ote den edo ez. Zentzu horretan, eta segurtasun ezaren aurrean, "erabaki zuhurrena bozketa bertan behera uztea zen, eta aztertu ondoren, erabakiko da zer egin", gaineratu du.
Elizaldek ziurtatu du oraingoz ez dutela erabakirik hartu. "Sistema aztertzen ari diren teknikariei lan egiten utziko diegu", esan du.