Gizartea -

Madril

Bi langile hil eta beste 18 pertsona zauritu dira Madrilgo eraikin batean izandako gas leherketan

Suhiltzaileek ohartarazi dute eraikina erortzeko arriskua dagoela, eta zatirik kaltetuenak habetzen ari dira premiaz.

Babes Zibileko langileak, kaltetutako pertsonak laguntzen. EFE
Babes Zibileko langileak, kaltetutako pertsonak laguntzen. EFE
Babes Zibileko langileak, kaltetutako pertsonak laguntzen. EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo suhiltzaileek desagertutako bi langile hilik aurkitu dituzte, eguerdian General Pardiñas kalean izandako leherketaren ondotik, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez. Gainera, beste 18 pertsona zauritu dira, horietako bat larri.

Iturgintza lanetan ari ziren 21 eta 26 urteko beharginak eraikinean. Dirudienez, txakurrek eremua markatu dute, hondakinez lepo dagoen patioetako batean.

Txakurren lanaren ostean, suhiltzaileek eskuz kendu dituzte hondakinak; izan ere, ezin da makineria astuna erabili eraikinaren ezegonkortasunagatik. Gorpu bat topatu dute, eta esku-ohean atera dute.

Rafael Fernández Madrilgo Suhiltzaileen buruak prentsari azaldu dionez, Pardiñas Jeneralaren kaleko 35. zenbakian, Ayala kalearekin izkina egiten duen eraikinetik bost pertsona inguru erreskatatu dituzte, "fatxadatik nahiz barrutik".

Bi langile barruko patioan lurperatuta geratu dira. 16:30ean, udaletxeko suhiltzaileak lanean ari ziren oraindik haiek aurkitzeko. Bertan "adreiluzko hormako bi metro hondakin trinko" pilatu dira, eta, txakurrak sartu ondoren, hantxe uste dute daudela "lanean ari ziren bi langile", ustez hirugarren solairuan ari zirenak lanean. 

Fernandezen hitzetan, erreskatea "oso zaila" da, pertsona bakarra sar daitekeelako hondakinak dauden eremu horretara.

Txakurren laguntzaz ari dira desagertuen bila. EFE

Txakurren laguntzaz ari dira desagertuen bila. EFE

"Gainerakoan, mundu guztia kontrolpean dagoela dirudi", azpimarratu du.

Fernandezek ohartarazi duenez, eraikina "oso ezegonkor dago" eta "erortzeko arriskua dago"; hori dela eta, eraikinaren zati kaltetuenak habetzen ari dira, ahalik eta azkarren. 

Suhiltzaileen buruak saihestu egin du ezbeharraren kausak zeintzuk diren aurreratzea, ez baitute oraindik zehaztu. 

Jose Luis Martinez-Almeida alkateak azaldu duenez, suhiltzaileek Udaltzaingoaren droneen laguntza eskatu dute, baita une honetan eraikinaren barruan egon daitezkeen pertsonak atzeman ditzaketen txakurrena ere.

Almeidak adierazi duenez, zauritutako guztiak eraikinaren barruan zeuden pertsonak dira, kanpoaldean ez da zauriturik izan, nahiz eta eraikinetik kanpo hondakin ugari erori den eta lehio bat airean atera den eta handik 25 metrora erori.

Kaltetutako eraikina. EFE

Kaltetutako eraikina. EFE

Zaurituen balantzea

Bitartean, Samur-Babes Zibileko osasun-langileek artatu dituzten 18 pertsonetatik bat bakarrik zauritu da larri traumatismoekin, eta ospitaleratuta dago; 84 urteko gizona da, eta ZIUn ospitaleratu dute. 

La Princesa ospitalera bi pertsona eraman dituzte aipatu gizonezkoaz gain; hankan zauri arinak dituen 44 urteko emakume bat eta garezurrean kolpea jaso duen 76 urteko emakume bat, eboluzioaren zain.

Era berean, haurdun dagoen emakume bat behaketan dago Gregorio Marañon ospitaleko Amatasun plantan, baina egoera onean dago, ospitaletik Eferi adierazi diotenez. Hamar urteko neska bat ere joan da Marañonera, belarrietako minagatik, baina alta eman diote dagoeneko.

Samur-Babes Zibileko langileak, halaber, ondoko Nuestra Señora de Loreto ikastetxera joan dira, "urduri zamar egon zitezkeen edo zauriren bat izan zezaketen" haurrak artatzera. 

Samur-Babes Zibileko medikuak zauritutako bizilagun batzuk artatzen ari dira une honetan, eta kanpaina-ospitale bat jarri dute zeregin horietarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril