Gizartea -
100 urte
"Berdintasunaren aitzindari gisa", Emakume Abertzale Batzako kideak gogoratu ditu gaur EAJk
500 pertsona baino gehiagok, tartean militante eta buruzagi jeltzaleek, Espainiako Estatuko lehen erakunde politiko femenino nazionalista izan zena omendu dute bere mendeurrenean.
Agentziak | EITB Media
EAJko hainbat buruzagi, ordezkari instituzional eta militantek Emakume Abertzale Batzako (EAB) emakumeak "berdintasunaren aitzindari" gisa gogoratu dituzte larunbat honetan Bilbon. Era berean, haien "ibilbidea" osatzeko "sugar hori bizirik mantentzeko" konpromisoa hartu dute. Izan ere, Espainiako Estatuko emakumeen lehen erakunde politiko nazionalista izan zena omendu du Sabino Arana Fundazioak, "Euskadin inoiz izan den emakume-mugimendu eraginkorrena eta indartsuena", azpimarratu duenez.
Omenaldian, 500 pertsona baino gehiago izan dira, eta, Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioko lehendakariak gogora ekarri duenez, "aitzindari haiek gaur egungo balioak transmititu zituzten, eta euskal kulturaren eta tradizioen hedatzaileak izan ziren".
Halaber, Zaratek gogoratu du EAJtik sortu zela EAB eta, ildo horretan, alderdi horren "ekarpena" azpimarratu du, "berdintasuna, feminismoa eta aniztasuna babestu duelako". Adibide gisa, 2005eko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea aipatu du, eta adierazi du "EBBren erabaki irmoa dela berdintasunaren esparruan politika ausartak sustatzen, bultzatzen eta onartzen jarraitzea".
"Emakumeok ezinbestekoak gara bizitzako eremu publiko eta pribatu guztietan. Esango nuke hori izan zela, funtsean, Emakume Abertzale Batzako emakumeek lortu nahi izan zuten helburua hasiera-hasieratik. Aitzindari haiek berdintasunerako bidea argitu zuten; orain guri dagokigu, eta zuei, gizonei, ere, sugar hori bizirik mantentzea, eta ibilbidea osatzea ", esan du.
Omenaldia 11:30ean hasi da Bilboko Euskalduna Jauregian, Zarate bera buru zela. Bertan izan dira, besteak beste, hainbat ordezkari instituzional eta politiko, hala nola Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Itxaso Atutxa Bizkaiko EAJko presidentea, Jose Antonio Suso Arabako EAJko presidentea eta Arantxa Tapia, Gotzone Sagardui, Olatz Garamendi eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako sailburuak, baita Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ere.
Halaber, Emakume Abertzale Batza osatu zuten hiru emakumeren ondorengoek euren senideen oroitzapenak eta pasadizoak partekatu dituzte bertaratutakoekin; hauek izan dira:
emakume batzuen ondorengoetako hiruk euren senideen oroitzapenak eta pasadizoak partekatu dituzte bertaratutakoekin; hauek izan dira: Nagore Garamendi (Alicia Aretxabaletaren biloba), Begoña Agirre Oar (Maria Oarren alaba) eta Tegi Urzelai (Julene Urzelairen iloba).
Gainera, ekitaldian zehar bi bideo proiektatu dituzte EABko kide batzuen bizipen eta testigantzekin. Ondoren, antzezlan txiki bat antzeztu dute Gema Martínez, Loli Astoreka eta Lorea Intxausti aktoreek.