Gizartea -
Manifestazioa
Haur-eskola "duinak" aldarrikatu dituzte milaka lagunek Iruñean
Horrekin batera, maiatzaren 2az geroztik greba mugagabean dauden haur-eskoletako langileentzako lan-baldintza hobeak ere eskatu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Milaka lagun, 2.500 inguru Gobernuko Ordezkaritzaren arabera, manifestatu dira larunbat honetan Iruñean, Nafarroako 0-3 Plataformak deituta, haur-eskola "duinak" aldarrikatzeko. Gainera, haur-eskolen langileentzako lan-baldintza hobeak ere eskatu dituzte, izan ere, sei egun daramatzate greba mugagabean.
13:00ak pasata abiatu da mobilizazioa, Konstituzio Plazatik, "Haur-eskola duinen alde" lemapean. Haur-eskola anitzek bat egin dute deialdiarekin, eta manifestariek zapi eta puxika horiak zeramatzaten. Martxan zehar, "Gutxiespen gutxiago, negoziazio gehiago" eta "Ratioen murrizketa, soldaten igoera" bezalako oihuak bota dituzte.
Iruñeko kaleak zeharkatu eta Gaztelu Plazan bukatu dute manifestazioa, eta 0-3 Plataformak agiria irakurri du. "Eztabaidatzeko saiakerek ez dute arrakastarik izan", deitoratu du plataformak, "gu gutxiesten jarraitzen dute". Foru Gobernuari esan diotenez, "negoziazioa eta eztabaidatzea premiazkoak dira, ez dira beste alde batera begira jarraitu".
Sei egunez greba mugagabean
Eider Garde haur-hezitzaileak eta plataforma horretako kideak adierazi duenez, sei egun daramatzate greba mugagabean, eta 0-3 urte bitarteko zikloan izaten den "prekarietateagatik haserre gaude langileok eta haurren familiak".
"Hunkituta" azaldu dira mobilizazioaren erantzunarekin, dagoeneko 59 haur-eskolek bat egiten dutelako. "Sentsazio gazi-gozoa da, guk ez genuelako nahi greba mugagabea deitzea; oso gogorra izaten ari da guretzako, gure alorrean bereziki prekarietatatea itzela baita", gaineratu du.
Nafarroako Gobernuak "sen ona" berreskuratzea espero dute, eta "mahai batean eragile aktibo gisa gu entzunaraztea, erakunde publikoetan ordezkaritza ofizialik ez dugun bitartean". "0-3 zikloaren langileen beharrak batzen dituen elkarte bakarra gara, eta ratioen beherakada eta soldaten igoera bezalako premiazko eskaerak egin ahal izateko, elkarrizketa-mahaia eskatzen jarraituko dugu", amaitu du Eider Gardek.