Gizartea -
Jazoera
Hiru pertsona atxilotu dituzte Barakaldon borroka batean parte hartzea egotzita
Horietako bati garagardo botila batekin eraso egin diote, eta zauriak ditu belarrian eta buruan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi gizonezko eta emakumezko bat atxilotu dituzte Barakaldon (Bizkaia), udalerri horretako erdigunean izandako borroka baten ondorioz. Liskarrean parte hartu zuen pertsonetako bat zauritu da.
Barakaldoko Udalak jakinarazi duenez, larunbat honetako 05:00ak aldera borroka baten berri jaso du Udaltzaingoak. Agenteak bertaratu direnean, bi bikote gazte ikusi dituzte, bata bestearengandik urruntzen. Gizonezkoetako bati odola zerion buruko eta belarrietako zauritik, eta medikuek artatu behar izan dute.
Poliziek galdeketa eginda, bi emakumeek salatu dute beste bi gizonek indarrezko lapurreta egin dietela. Agenteek baieztatu dutenez, liskarrean gizonezkoetako batek besteari zauriak eragin dizkio buruan eta belarrian garagardo botila batekin.
Udaltzaingoak hiru pertsona atxilotu ditu (bi gizon eta emakume bat), eta bigarren emakumea aske utzi du, borrokan parte hartu ez zuelakoan.