Gizartea -

Auzitegi Nazionala

Donostiako ustezko jihadistak ukatu du Herrerako imama zela eta gazteak Jihaderako errekrutatzen zituela

Mohamed Ch. akusatuarentzat bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak doktrinamendu terroristaren delitua egotzita. Epaiketan deklaratu duenez, "bake musulmana" da, eta atzeman zizkioten 110.000 euroak "Poliziaren gezurra" dira.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herrerako (Donostia) imam ohiak, Mohamed Ch.ek, ukatu egin ditu leporatzen dizkioten delituak gaur haren kontra Auzitegi Nazionalean abiatu duten epaiketan. Bazterketa egoeran zeuden ume eta nerabeak, tartean hiru semeak, erakarri eta jihadismoa doktrinatzea eta Jihaderako dirua biltzea (111.000 euro zituen 12 kontu korronteetan).

Mohamed Ch. 2020ko urrian atxilotu zuten Pasaian (Gipuzkoa), eta fiskalak bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu du doktrinamendu terroristaren ustezko delitua egotzita. Anass E. haren jarraitzailea ere epaituko dute, eta horrentzat bost urtekoa da eskaera.

Fiskalaren arabera, Mohamed Ch.ek "lider papera" zuen eta hori baliatzen zuen bazterketa egoeran zeuden gazteak erakartzeko. Kolore Guztiak elkartearen bitartez egiten ei zuen hori; besteak beste, migratzaileak gizarteratzerako elkartea da, eta zenbait pisu ditu Gipuzkoako Aldundiarekin duen hitzarmenean. Atxilotu zuten unean, hiru gazte, Eusko Jaurlaritzaren laguntza sozialen onuradunak hirurak ere, Jihaderako errekrutatzen ari zela dio fiskalak.

Akusatua: "Bake musulmana naiz"

Bere deklarazioan, Herrerako imama izan ez zela azpimarratu du Mohamed Ch.ek eta "gainerako musulmanak bezala otoitz egitera" joaten zela. Azaldu duenez, 2018ko martxoan Assafwa elkartea sortu zuen islamiar kulturako ekitaldiak eta txangoak antolatzeko, arabiar eskolak emateko eta "bakearen islama ikasteko".

Akusatuak ukatu du gazteak errekrutatzen ari zela, edota Facebook Estatu Islamikoaren eta Facebook Al-Qaidaren aldeko talde terroristen aldeko mezuak zabaltzeko erabiltzen zuela. 16 urteko semearen Facebook orrialdean topatutako mezu jihadisten inguruan galdetuta, honakoa erantzun du: "Baten batek hackeatuko zion".

"Denek dakite erradikalen kontra nagoela eta Estatu Islamikoaren kriminal horiekin bat ez natorrela, bake musulmana naiz ni eta", erantsi du.

Bestalde, azaldu du 2018an Frantziako Estatura joan zela bere elkartearentzat dirua biltzera, ez ekintza terroristak finantzatzeko . Eusko Jaurlaritzaren laguntzak elkarteko ekitaldi kulturaletarako erabili zituela gaineratu du. 

Azkenik, zenbait kontu korrontetan zituen 111.000 euro horiengatik galdetuta, azalpen hau eman du: "Poliziaren gezur bat da, bankuko aurrezki-libreta zaharretan ageri diren kopuruak batu ditu".

Annas E. beste akusatuak ere deklaratu du epaiketan, eta Mohamed Ch-ek bezala, terrorismo jihadistarekin lotura oro ukatu du. Gogorarazi duenez, 2013an Marokotik Espainiako Estatura joan zen, eta Algecirasen (Cadiz) eta Madrilen egon ostean, Euskadira etorri zela Gipuzkoako Aldundiaren pisu batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Donostia Delituak Gizartea Jihadismoa Eguneko albisteak Pasaia Albisteak