Gizartea -
Gaixotasunak
Aurtengo gripea 1918ko pandemia eragin zuen anduiaren ondorengo zuzena izan daiteke
1918ko pandemian zehar, Europan, jasotako laginen azterketa genomikoan oinarritzen dira ikerketaren ondorioak. Izurriteak 50-100 milioi hildako utzi zituen mundu osoan.
Agentziak | EiTB Media
Nature Communications atarian argitaratutako artikuluak aditzera eman duenez, H1N1 gripearen birusa 1918an pandemian eragin zuen anduiaren ondorengo zuzena izan daiteke.
1918ko pandemian zehar, Europan, jasotako laginen azterketa genomikoan oinarritzen dira ikerketaren ondorioak. Izurriteak 50-100 milioi hildako utzi zituen mundu osoan.
Gripearen zabalkundea eta egutegia erregistro historiko eta medikoetan oinarritu zituzten. Pandemiak goia jo zuen 1918ko udazkenean, eta 1919ko negura arte jarraitu zuen.
Hala ere, ikerketaren egileek gogorarazi dute 1918ko birusaren azterketa genomikoa zaila dela, garaiko sekuentzia biralak bakanak direlako.
Berlingo Robert Koch Institutuko Sebastien Calvignac-Spencer ikertzailearen taldeak 13 birika lagin aztertu ditu. Alemaniako eta Austriako museoen artxibo historikoetan gordeta zituzten; 1901etik 1931ra bildu zituzten, 1918an eta 1919an hildako 6 pertsonenak barne.
Ikertzaileek genomak aztertu dituzte, pandemiaren puntu gorena baino lehen eta ondoren, eta emaitzek nukleoproteinaren genean aldaketa bat dagoela aditzera eman dute, ostalariaren erantzun antibiralaren erresistentziari lotuta. Baliteke horrek gizakietara egokitzeko aukera ematea birusari.
Bestalde, erloju molekularraren modalizazio bat aurrera eraman dute ikerketaren egileek, denbora eskala ebolutiboa estimatu ahal izateko metodoa. Horrela, H1N1 gripearen segmentu genomiko guztiak 1918ko anduiaren ondorengo zuzenak izan daitezkeela ondorioztatu dute.
Edonola ere, laginak eskasak direla azpimarratu dute ikertzaileek; baina 1918ko gripe pandemiaren bilakaeraren inguruan orain ezagututakoak artxibo historikoak aztertzearen balioa agerian utzi du.