Gizartea -
JAIOTZA-TASA
Jaiotzak % 3,3 jaitsi ziren EAEn 2021ean
Amen % 80k baino gehiagok 30 urte baino gehiago zituzten, eta iazko udazkenean erditu ziren emakumeen % 29,7 atzerritarrak izan ziren.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jaiotza-kopurua % 3,3 jaitsi zen EAEn 2021ean, Eustaten datuen arabera. Urte horretan 14.247 haur jaio ziren Euskadin, aurreko urtean baino 492 gutxiago.
Iazko laugarren hiruhilekoan 3.595 haur jaio ziren Euskadin, aurreko urteko aldi berean baino % 4,9 gutxiago. Araban, 632 jaiotza egon ziren, % 16,2ko igoerarekin. Gipuzkoan, 1.233 haur jaio ziren, aurreko urtean baino % 8,3 gehiago, eta Bizkaian, ordea, 1.730 haur, % 0,9 gutxiago.
Laugarren hiruhilekoko hilabeteei dagokienez, igoera % 11,2koa izan zen abenduan, eta % 5,2koa, azaroan, baina % 0,6ko jaitsiera izan zen urrian.
2021eko udazkenean ama izan ziren emakumeen % 29,7 atzerritarrak izan ziren, 2020ko aldi berean % 30 baino pixka bat gutxiago izan ostean. % 36,9 izan ziren Araban, eta % 28,3 eta % 28,1, berriz, Gipuzkoan eta Bizkaian.
Gainera, amen % 80k baino gehiagok 30 urte baino gehiago zituzten. 30 eta 40 urte bitarteko amak % 34,2 ziren, eta 25 eta 29 urte bitarteko amen taldearen ekarpena % 14koa izan zen. 40 urtetik gorako amak (% 11,8) 25 urtetik beherakoak (% 5,8) baino gehiago izan ziren.
Ama izan ziren emakumeen adina nazionalitatearen arabera ere bereiz daiteke. Ama atzerritarren batez besteko adina 31,4 urtekoa izan zen, eta espainiar nazionalitatekoena, 34,5 urtekoa.
Bestalde, haurra izan zuten amen % 50,2 ezkongabeak ziren, eta ia erdiak (% 49,5) lehenengo aldiz erditu ziren.
Jaiotzak azken urteotan
2020an, pandemia hasi zen urtean, jaiotza-tasak % 4,5eko beherakada izan zuen aurreko urteko datuekin alderatuta. 2019an, 15.400 haur jaio ziren, 2018an baino % 4,3 gutxiago; 2018an, 16.090, 2017an baino %5,8 gutxiago; eta 2017an, 17.076, 2016an baino % 6,4 gutxiago.