Gizartea -

Eguraldia

Beroa eta ekaitz giroa, asteburuko protagonistak

Termometroek 30 ºC-ak harrapa ditzakete igandean, eta koska bat beherago larunbatean. Egun argiak izango dira biak, baina azken orduetan, bero hodeiak garatu eta ekaitza lehertuko da ia denean.

Kontxako hondartza, jendez gainezka. Argazkia: EFE
Kontxa, topera, egun argitsu batean.
Kontxako hondartza, jendez gainezka. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uda sasoiko eguraldia espero dugu asteburu honetan, EITB Mediako Meteorologia Zerbitzuak eta Euskalmet agentziak egindako iragarpenaren arabera. Larunbatean zein igandean giro beroa izango dugu nagusi, eta tenperatura altuen ondorioz, ekaitza lehertuko da nonahi iluntzean.

Azken egunetako joerari jarriki, ostiral arratsaldean bero hodeiak agertuko dira zeruan, eta ostegunean baino probabilitate txikiagoa bada ere, zaparrada trumoitsu batzuk bota ditzake egunaren amaieran.

Larunbatean, haizea hegotik finkatuko da eta tenperaturak igoaraziko ditu: kostaldean, 25-26 ºC-koak izango dira beroenak, eta barnealdean, 27-29 ºC-koak. Dena dela, arratsaldean brisa sartuko da kostaldean eta apur bat freskatuko du. Zeruak, oro har, garbi egongo dira, goizean erdi eta goi mailako hodeiren bat egon badaiteke ere. Dena dela, eguneko protagonista (bereziki egunaren bigarren zatikoa) ekaitza izango da, indartsu joko baitu, eta ez da baztertzen txingorra ere egitea. Hego-mendebaldetik hasita, ia denean astinduko du.

Igandea lasaiagoa eta argiagoa izango da, uda beteko eguna. Termometroek are gehiago egingo dute gora, hego haizea zakar ibiliko baita. Hala, barnealdean ez ezik kostaldean ere 30 ºC-ra iritsiko dira maximoak. Zerua oskarbi egongo da ia egun osoan, eta eguzkia izango dugu lagun. Arratsaldean, ordea, bero hodeiak garatuko dira berriro, eta zaparradatxoren bat edo beste izango da (ekaitzak ez du bezperan bezain gogor joko).

Joeraren arabera, aste hasieran giro egonkorragoa izango dugu, ekaitz konturik ez, baina tenperatura maximoek berdintsu eutsiko diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea EAE albisteak Eguraldia Donostia Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Ekaitzak gaur