Gizartea -
Gas-leherketa
Baserri bat erori da Arrasaten eta bi lagun hil dira
Gesalibar auzoan dagoen Aldape baserria erori egin da gas-leherka baten ondorioz. Emakumezko bat, hildako gizonaren emaztea eta emakumezkoaren ahizpa, oso larri zaurituta atera dute hondakin artetik.
Erredakzioa
Baserri bat erori da Arrasateko (Gipuzkoa) Gesalibar auzoan eta bertan bizi diren hiru lagunetako bi, 65 urteko gizonezkoa eta 57 urteko emakumea, hil egin dira hondakinek azpian harrapatuta. Baserrian hiru lagun bizi ziren, tartean hildako gizonezkoaren emaztea eta emakumezkoaren ahizpa, 63 urtekoa, eta oso larri atera dute hondakin artetik eta helikopteroz eraman dute Gurutzetako ospitalera.
Donostiako Auzitegiko Institutu Anatomikora eraman dituzte bi hildakoen gorpuak autopsia egiteko, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
Herrizaingo Sailak baieztatu duenez, gas-leherketa baten ondorioz erori da eraikina.
Lehenengo gorpua, 65 urteko gizonezkoarena, eztanda gertatu dela jakin eta gutxira aurkitu du Ertzaintzak, goizean goiz.
Era berean, gizon horren emaztea, 63 urtekoa, bizirik erreskatatzea lortu dute eta Gurutzetako Ospitalera eraman dute, oso larri, helikopteroz.
Azkenik, zaurituaren ahizpa, 57 urtekoa, 11:00k aldera aurkitu dute hondakinen artean, hilda. Ertzainek hainbat orduz lan egin dute pertsonak bilatzeko txakurrekin.
Gesalibar auzoko bizilagun batek eman dio abisua Ertzaintzari 07:15 aldera. "Aldape" baserria apartatuta dago Gesalibar auzoan, izan ere, gertuen dagoen baserria 200 metrora dago. Gainera, abiadura handiko trenaren lanak egiten ari dira inguruan eta leherketak oso ohikoak dira. Hori dela eta, baserria erori denean entzun den zaratak ez ditu bizilagunak larritu.
'Irudia lazgarria da; ez dago harri bat ere bestearen gainean'
Joseba Erramun Askasibar Arrasateko alkateordeak azaldu duenez, "irudia lazgarria da, ez dago harri bat ere bestearen gainean".
'Ohean aurkitu dugu, ahuspez; dirudienez, ez du sufritu'
"Logelan zegoen, ohean, ahuspez etzanda; hori ikusita, sufritu ez duela eta gertatutakoaz ohartu ez dela uste dugu", esan de Pedro Anitua Jaurlaritzako Larrialdietako zuzendariak Arrasateko baserriaren leherketan hildako emakumezkoari buruz.