Gizartea -
KORONABIRUSA
Covid-19ak eragindako 29 hildako izan dira azken astean EAEn eta 346 gaixo daude erietxeetan
Duela astebete baino zortzi pertsona gehiago hil dira. Gainera, hamar pertsona daude ZIUetan, eta 60 urtetik gorakoen intzidentzia 1.147ra igo da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Covid-19 gaitzak eragindako 29 hildako izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) maiatzaren 9tik 15era bitarteko astean, aurrekoan baino zortzi gehiago. Gainera, 346 gaixo daude Osakidetzako erietxeetan, horietatik hamar ZIUn, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan eguneratu duen buletin epidemiologikoaren arabera.
Orotara, koronabirusaren 6.914 kasu positibo aurkitu dituzte EAEn azken astean, aurrekoan baino 503 gehiago, eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 607,56 kasukoa da, zazpi egun lehenago baino 56 gehiago. 60 urtetik gorakoetan 1.147,05 kasukoa da (1.040,24 astebete lehenago).
Lurraldez lurralde aztertuta, Arabako 100.000 biztanleko intzidentzia metatuta 707,17 kasukoa da, Bizkaikoa 605,35ekoa eta Gipuzkoakoa 553,36koa. Hiriburuetako egoerari dagokionez, Gasteizko intzidentzia metatua 772,70 kasukoa da, Bilbokoa 689,89koa eta Donostiakoa 577,74koa.
Ospitaleetako egoerari erreparatuta, orotara 346 gaixo daude Osakidetzan erietxeratuta, astebete lehenago baino 14 gehiago: 336 gaixo ohe arruntetan daude (12 gehiago) eta hamar ZIUetan (bi gehiago).
Bestalde, covid-19az infektatutako pertsona batek batez beste zenbat lagun kutsatzen dituen neurtzen duen oinarrizko birsorkuntza-tasa 1,02koa da, eta lurraldez luralde, 0,94koa da Araban, 1,08koa Bizkaian eta 0,98koa Gipuzkoan.