Itxi

Gizartea

Melanomaren Nazioarteko Eguna

Dermatologoek argi dute: "Ez dago azala belzteko modu osasuntsurik"

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Larruazaleko tumore mota ezberdinak daude, eta oinarri genetiko propioak ditu bakoitzak, baina denek dute ingurumen faktore komun bat: eguzkia. Zenbateraino da ona edo txarra eguzkia hartzea? Bi dermatologoren iritziak bildu ditugu.

  • Ane Jaka eta Miren Marquina dermatologoak

    Ane Jaka eta Miren Marquina dermatologoak

Uda ate-joka dugula, hasi gara jada lehen eguzki izpien eragina nabaritzen. Sasoi honetan, kolorea hartzeko grina izaten dute askok, baina zenbateraino da ona edo txarra eguzkia hartzea? Dermatologoek argi dute: "Ez dago azala belzteko modu osasuntsurik. Izpi ultramoreek mutazioak eragiten dituzte gure azaleko zelulen DNAn, mutazio horiek epe luzera gehitzen joaten dira eta minbizia sor dezakete".

Hala azaldu dute Ane Jaka Bartzelonako Germans Trias i Pujol Unibertsitate Ospitaleko dermatologoak eta Miren Marquina Donostiako Unibertsitate Ospitaleko eta Consulta Tuneu kontsulta pribatuko dermatologoak. Larruazala zaintzeko garrantziaz geroz eta jabetuago dago gizartea, horretan bat datoz biak, baina aitortu dute azaleko minbiziak ugaritu egin direla azken boladan.

Larruazaleko tumore mota ezberdinak daude, eta bakoitzak oinarri genetiko propioak ditu, baina bai Marquinak bai Jakak uste dute denek ingurumen faktore komun bat dutela: eguzkia. "Eguzki izpiek onurak dituzte gizakiontzat, D bitamina eta aldarte emozional positiboa sortzen laguntzen baitute, hau da, alaiago egotea eragiten dute", Marquinaren arabera, baina minbizia sor dezakete. "Bizitzako beste arlo askotan bezala, honetan ere oreka bilatu beharko genuke hain kaltegarria ez izateko", erantsi du.

"Krema emanda izateak segurtasun sentsazio faltsu bat sor dezake"

Arrisku faktoreen artean, genetikaz gain, kanpo eragile asko daudela esan digute bi adituek; bizi garen tokiaren latitudea eta altitudea, adibidez. "Ekuatoretik gertuko latitudeetan eta altuera handietan erradiazio ultramore handiagoa dagoenez, eguzkiaren ondoriozko minbiziak izateko arriskua areagotu egiten da", ohartarazi du Jakak.

Azalaren koloreak ere badu eragina horretan. Azal ilunagoa duten pertsonek azaleko minbizia pairatzeko arrisku txikiagoa dute. "Hitz tekniko bat erabiliz, fototipoa esaten diogu horri. Azal oso argiko pertsonek 1 fototipoa dute, eta azal beltzaranekoek, 6 fototipoa", Marquinaren hitzetan. Horren iritziz, 1, 2, eta 3 fototipodun pertsonak dira eguzkitik gehien babestu beharko liratekeenak. 

Larruazalaren fototipoak

Ingurumari horretan, eguzkitik babesteko lehen mailako prebentzioan, hau da, gaitza saihesteko egin beharrekoetan, jarri dute azpimarra bi adituek, eta hiru aholku eman dituzte: ohitura egokiak landu (eguneko ordu zentralak ekidin, eguzkitan ez lorik hartu edo itzala bilatu), babes fisikoak erabili (arropa, txapela edo betaurrekoak) eta eguzkitako krema eman.

Dena dela, bi dermatologoek adierazi dutenez, "krema emanda izateak segurtasun sentsazio faltsu bat sor dezake, eta eguzkipean arrisku handiko orduetan eta denbora luzez egotera eraman". 

"Udaberriko eta udako egun lainotsuetan ere eguzkitik babestu behar da, eguzki izpiek lainoak zeharkatzen dituzte eta"

Halaber, dermatologoek gomendatzen dute gutxienez 30-50eko babes-faktorea duten eguzkitako kremak erabiltzea. Eguzki-iragazkiei dagokienez esan dutenez, haurdun dauden emakumeek eta umeek iragazki inorganikoak (mineralak) erabili behar dituzte, iragazki fisikoak (larruazala zuri uzten dutenak). Horien arabera, iragazki kimikoak atseginagoak dira, eta errazago zabaltzen dira, larruazalak xurgatu egiten dituelako.

Bi ohar garrantzitsu ere egin dituzte: batetik, krema potea irekita badago, ez erabili urte batetik bestera, "produktua oxidatuta egon daitekeelako eta eraginkortasuna galduta izan dezakeelako", eta, bestetik, udaberriko eta udako egun lainotsuetan ere eguzkitik babestu; izan ere, eguzki izpiek lainoak zeharkatzen dituzte.

Txikitatik azala babestea oso garrantzitsua dela esan dute Jakak eta Marquinak; izan ere, azalak oroimena du, eta DNA mutazioak pilatzen joaten dira. Gainera, eta askok kontrakoa uste badute ere, gorri jartzea erredura bat dela gogorarazi dute dermatologoek.

Azaleko minbizi gehienak azalean bertan sortzen dira (kirurgiarekin erabat sendatzen dira), baina azaletik kanpo zabaltzen direnak ere badaude. "Horiekin erradioterapia edo kimioterapia edo immunoterapia ere behar izaten dira maiz", azaldu du Marquinak.

Tumore ohikoena kartzinoma basozelularra da. Askotan ez da estatistiketan agertzen, kendutakoan ez baitu inolako arriskurik. Kartzinoma ezkatatsua pertsona helduek edo transplantatutakoek pairatzen dute gehien. Melanoma, berriz, ohikoena ez bada ere, hilkortasun handikoa da, eta pertsona gazteei diagnostikatzen diete.

Azal miunbizia ereduak

Testuinguru horretan, Marquinak azaleko minbiziaren atzemate goiztiarraren garrantzia nabarmendu du, hori duen pertsonak pronostiko hobea izan dezan. Horretarako, urtero prebentzio kanpainak egiten direla nabarmendu du. "Adibidez, ekainean Euromelanoma kanpaina izango dugu, Europa guztian zehar egiten dena", erantsi du.

Amaitzeko, Jakak esan du koronabirusak ere eragina izan duela minbizi kasuen gorakadan; izan ere, konfinamendu ostean diagnostikatutako larruazaleko tumoreen kopurua proportzionalki hazi zen, beranduago detektatu eta diagnostikatu zirelako, Espainiako zenbait ospitaletan egindako "Skin-Cancer COVID-19" ikerketak frogatu duenez. 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena