Gizartea -
Homofobiaren aurkako eguna
LGTBI kolektiboak egunerokoan jasaten duen indarkeria salatu eta aniztasuna errespetatzea eskatu du
LGTBI mugimenduak mobilizazioak egin ditu Euskal Herriko zenbait hiritan eta azpimarratu du ez duela inolako eraso homofoborik onartuko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Homofobiaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, ehunka pertsona atera dira kalera Iruñean, Bilbon eta Baionan, LGTBI kolektiboak egunerokoan jasaten duen indarkeria salatzeko eta aniztasuna errespetatzea eskatzeko.
E28J plataformak deituta, kalejira bat egin dute Iruñeko kaleetan barrena eta ondoren adierazpen bat irakurri dute udaletxeko plazan egindako bilkuran.
Kolektibo horretako pertsonek jasaten dituzten "egiturazko indarkeria guztiak" salatu dituzte.
"Gaurko egunez, 1990ean, homosexualitatea gaixotasun mentatzat jotzeari utzi dioten eta 28 urte geroago, duela soilik hiru urte, transexualitatea aitortu zuten", gogoratu dute.
"Egun, baina, gure nortasuna, orientazio sexuala eta genero adierazpena ezkutuan mantendu behar dugu familian, lagun artean edo lantokian", deitoratu dute.
"Oihuka jarraitzen dugu eta Iruñean eraso homofoborik, lesbofoborik edo transboforik onartuko ez dugula argitu eta garbi utzi nahi dugu", azpimarratu dute.
Ildo horretan, emakume batek Udaltzaingoarengandik jasan zuen eraso biolento eta homofoboa salatu dute. "Poliziaren indarkeria sistema heteropatriarkalaren, arrazistaren eta kapitalistaren erakusgarri da", erantsi dute.
Bestalde, E28 koordinadorak Bilboko Arriaga plazan egin du bilkura. Ehunka pertsona batu dira, "Ez dira pasako, erasoen aurrean transmaribollo autodefentsa" lelopean.
Azkenaldiko eraso homofoboen gorakadaren harira, "erakunde guztiek, alderdi politikoek, komunikabideek, elkarteak eta sindikatuek" ardura dutela ohartarazi dute. Halaber, gertakari horien aurrean "isilik" gelditzen direnen jarrera kritikatu dute.
"Poliziak eta sistema judizialak bigarren mailako herritar gisa tratatzen gaituzte, gertatzen zaiguna gure errua izango bilatzen bezala. Guk ez dugu merezi gainerako herritarrei eskaintzen dieten arreta. Horregatik ez dira gai izan Bilbon izan diren hilketak lehenago detektatzeko. Homofobia egiturazko arazoa da, heriotza batzuk gutxiago inporta zaizkie", salatu dute.