Gizartea -
bizkaia
Bi pertsona atxilotu dituzte Barakaldon, lokal okupatu bat berreskuratzea baimendu duen jazarpen baten ostean
Debekatutako biraketa batek eragindako polizia jazarpenaren ostean, gidari iheslaria lokal batean babestu da, beste pertsona baten laguntzaz. Ondoren jakin denez, legez kanpo okupatuta zegoen espazioa.
agentziak | eitb media
Barakaldoko Udaltzaingoak bizilekua Trapagaranen (Bizkaia) duten bi pertsona atxilotu ditu larunbat honetan, auto bidezko jazarpen baten ostean. Gainera, bi atxilotuek legez kanpo okupatua zuten lokala berreskuratzea baimendu du atxiloketak.
Angel Madrazo Barakaldoko Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako zinegotziak jakinarazi duenez, jazarpena 06:30ak aldera hasi da.
Lutxanan patruilatzen ari ziren zenbait udaltzain jabetu dira auto bat debekatutako biraketa egiten ari zela. Hori dela eta, argizko seinaleak eta seinale akustikoak aktibatu dituzte, ibilgailuari martxa geldiarazi zezala adierazteko.
Gidariak, ordea, ez die argibideei jaramonik egin, eta abiadura bizian ihesaldia abiatu du Lutxana, Gurutzeta eta Llano auzoetan barrena. Bidean, beste pertsonak arriskuan ipini ditu eta patruila autoa kolpatu du.
Azkenik, gidaria ibilgailutik jaitsi da eta, agente bat kolpatu ondoren, lokal batean sartu da emakume baten laguntzaz.
Edonola ere, Udaltzaingoak gizona lokaletik ateratzea lortu du eta orduan atxilotu du, karnetik gabe gidatzea eta bide segurtasunaren zein polizia agente baten aurkako delituak egotzita. Emakumea ere atxilotu dute, estalketa delituagatik.
Bi pertsonak atxilotu dituzten lokala legez kanpo okupatua zela jakin ondoren, Udaltzaingoa horren jabeekin harremanetan jarri da, eta berreskuratu egin dute.