Gizartea -

Leherketa

Bi langile hil dira Calahorrako biodiesel lantegi batean izandako leherketan

Larrialdi zerbitzuetako 100 langiletik gora daude ezbeharraren tokian, tartean Nafarroako eta Arabako suhiltzaileak, garrak itzaltzeko. Leherketa nola gertatu den argitzeko ikerketa bat jarri dute martxan.

Leherketa Calahorrako (Errioxa) biodiesel lantegi batean. Argazkia: EFE
Leherketa Calahorrako (Errioxa) biodiesel lantegi batean. Argazkia: EFE
Bi hildako Calahorrako biodiesel lantegi batean izandako leherketan

0:37

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi langile hil dira ostegun honetan Calahorrako (Errioxa) biodiesel lantegi batean izan den leherketan. Ezbeharra Iniciativa Bionergeticas konpainiaren instalazioetan gertatu da. Lan-istripuan zendu diren beharginak nortzuk diren ez dute argitu, baina, antza, azpikontratatuta ari ziren lanean.

Leherketaren ondorioz, hiru depositu kaltetu dira eta isurketak izan dira. Ke-laino handia sortu da, baina ez da hiriguneraino iritsi, eta egoera kontrolpean hartu dute. Alabaina, oraindik ez dute lortu sua erabat itzaltzea.

Lantegiko bi depositutan biodiesela gordetzen zuten eta gainerakoetan olio gordina. Horietako batek eztanda egin du eta beste hiruretan kalteak eragin ditu.  Larrialdietako zerbitzuak tanga horietatik isuritako erregaia zabal ez dadin.

Leherketa 12:55ean gertatu da eta industria-gune horretako enpresa guztiak jendez hustu behar izan dituzte. Halaber, inguruan dagoen Tierra Rapaz parke naturalera bisitan joanak ziren Calahorrako eta Zaragozako 250 ikasle ebakuatu dituzte.  

Pertsona bat ospitalera eraman dute, baina handik gutxira senda-agiriarekin etxera joan da. Gainera, hogei bat lagun tokian bertan artatu dituzte, kea arnastu dutelako edo antsietate-krisia izan dutelako.  

Guztira, larrialdi zerbitzuetako 100 pertsona baino gehiago ari dira lanean ezbeharraren lekuan, tartean Nafarroako eta Arabako suhiltzaileak.

Bestalde, Alex Dorado Errioxako Gobernuko bozeramaileak adierazi du "oraindik goizegi" dela leherketa zer eragin duen esateko.

Concha Andreu Errioxako Gobernuko presidenteak erantsi du hildako langileak nortzuk diren jakiteko lanean ari direla ikerlariak, eta ez du argitu irregulartasunengatik enpresa horren kontrako salaketarik izan den aurrez.

Larrialdi zerbitzuetako langileak leherketaren tokian. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Errioxa gaur Enpresen albisteak Ekonomia albisteak