Itxi

Gizartea

hezkuntza

"Hezkuntzarentzat egun ona" dela esan du Bildarratzek, sindikatuekin akordioa lortu ondoren

agentziak | eitb media

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak nabarmendu duenez, ostegun honetan lortutako akordioak eskola publikoaren "kalitatea" sustatzen du eta "plantillak gehiago egonkortzea" du helburu.

2:37
Jokin Bildarratz. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua pozik agertu da ostegun honetan Irakasle funtzionarioen negoziazio-mahaian dauden sindikatuekin lortutako akordioarekin. Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin batera itxi du negoziazioa Hezkuntza Sailak, funtzionarioen "% 80 baino gehiago ordezkatzen dutenak". Baietsi duenez, bere Sailak "elkarrizketa eskema horrekin" lanean jarraituko du. "Egun ona da gaurkoa hezkuntzarentzat", adierazi du.

Bilbon hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, sailburuak urte eta erdian zehar egindako lan "ona" eskertu die bere lantaldeari zein sindikatuei. Nabarmendu duenez, "% 80 baino gehiago ordezkatzen dute" negoziazio-mahaian. Era berean, lan hori "guztiontzat izaten ari den hain emaitza pozgarria" azpimarratu du.

Ostegun honetan lortutako akordioak jasotzen dituen edukien artean, nabarmendu du "figura berria" sortu dela, "zentro publiko guztietan berrikuntzaz arduratuko den irakasle bat" eta, zentroaren tamainaren arabera, "ordu gehiago edo gutxiago" izango dituela.

Era berean, zentroetako ratioen aldaketa aipatu du, 2023-24 ikasturtetik aurrera aplikatuko den batezbestekoa, ikasturte bakoitietatik hasita eta hurrengo urteetan bikoitiekin jarraituz.

Sailburuak nabarmendu duenez, ingelesa hiru urtetik aurrera irakastea jasotzen du akordioak. Horrek, esan duenez, "kalitatea" sustatzen du eskola publikoko zentroetan. Gainera, "plantillak gehiago egonkortzeko" asmoa dutela gaineratu du, "zenbait egiturazko irakasle izatera igaroko direlarik".

Bildarratzek "elkarrizketaren" aldeko apustua azpimarratu du, "gure zentroei lasaitasuna helarazteko lan egiteko modu" gisa, "eta helarazteko hezkuntza dela gehien kezkatzen gaituena eta herrialde politika izan dadila, ez eztabaida edo tentsio politika". Zentzu horretan, adierazi du akordioak "lasaitasuna eta lanabesak" ematen dituela "gure gazteen onurarako".

Bestalde, sailburuak azaldu du akordio honek ez duela lan-baldintzarik aipatzen, "aurrerago" jorratzeko utzi dituztela eta "lanean" dihardutela.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena