Itxi

Gizartea

Erreportajea

Hilekoarekin, gorriak ikusi

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Emakumezkoek euren bizitzako zortzi urte ematen dituzte hilerokoarekin. Naturala eta normaldua beharko lukeen kontu bat, tabuz eta ezjakintasunaz inguratuta dago oraindik gure gizartean. Hilekoak badu, gainera, beste hari-mutur bat: eragiten duen pobrezia.

  • Hilekoaren gorriak berak ere tabua izaten jarraitzen du gizartean.

    Hilekoaren gorriak berak ere tabua izaten jarraitzen du gizartean. Pexels

Biztanleriaren erdiak bizimoduaren zati handi bat ematen du harekin, hilean behin, 2-7 egunez. Ugaltzeko adinean dauden pertsonek, batez beste, 3.000 egunez izaten dute hilekoa, hau da, bizitzako zortzi bat urtez. Batzuetan minez, eta gehienetan, ezkutuan. "Egun horiek", "semaforoa gorrian jarri" eta halako esamoldeak erabili izan dira, inoiz erdeinuz, normaldua egon beharko lukeen kontzeptuari deitzeko: hilekoa. Matxismoak zeharkatutako gizartean, hilekoa bakarrik kudeatu behar izan dute andrazkoek, zortez inguruko emakumeen aholku eta babesaz. Hori bakarrik ez, isolamendu sozial horri, zama ekonomikoa erantsi behar zaio. Hilekoa edukitzeak gastua dakarrelako ezinbestean, odoljarioari aurre egiteko produktuak euren poltsikotik ordaindu behar baitituzte emakumezkoek. Are gehiago, produktuok eskuratzeko zailtasun ekonomikoek eta gaiaren inguruko informazio faltak beste gainkarga bat erantsi diote aferari: emakumeek euren osasuna ere kolokan ikusi dute sarritan.

Mugimendu feministak urteak daramatza hilekoa aldarrikatzen, eta berezitasun fisiologiko bategatik, emakumea izateagatik bakarrik, pairatutako diskriminazio horren kontra borrokan. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 2014an izendatu zuen gaurko eguna, maiatzaren 28a, Higiene Menstrualaren Eguna, hileko osasuna aldarrikatzeko eta higiene eta kudeaketa menstrual eskasaz kontzientziatzeko. Bi urte geroago, 2016an, aipatu zuten lehen aldiz "pobrezia menstruala" terminoa. Azken aldian, bolo-bolo ibili da gaia, Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioak sustatutako abortuaren lege proposamena tarteko. Izan ere, beste neurri batzuen artean, hileko produktuei BEZa jaisteko proposamena eta hileko mingarriengatik baja eskatzeko eskubidea aitortu nahi ditu legeak. Aurreneko neurria bidean geratu da (aurrekontuen negoziazioan berriro plazaratuko duela hitzeman du Irene Montero ministroak); bigarrena, aldiz, zirriborroan jaso dute. Aurrera ateratzen bada, eskubide hori aitortzen duen Europako lehen estatua izango da Espainiakoa.

"Hilekoa ez da errenta"

Hilekoa dutenek higiene produktuetan (konpresak, tanpoiak eta enparauak) gastatutakoaren batez bestekoa zehaztea zaila da oso. Odoljarioaren kopuruaren, hilekoaren iraupenaren eta aukeratutako produktu mota eta markaren arabera asko alda daiteke zenbatekoa. Hainbat kontsumitzaileen elkartek kontuak egin dituzte, eta hurbilketa bat baino ez badira, eman dezakete gutxi gorabeherakoaren arrastoa. Kataluniako Hondakinen Prebentziorako eta Kontsumo Arduratsurako Rezero Fundazioak egindako kalkuluen arabera, botatzekoak diren produktuen urteko gastua 21 eta 125 euro artean koka daiteke. Bizitza osokoa, 749-4.493 euro. FACUA kontsumitzaileen elkarteak produktu merkeenen eta garestienen arteko aldeari erreparatu zion ikerketa batean: konpresen kasuan, % 400erainokoa zen ezberdintasuna; tanpoiei dagokionez, % 180koa.

OCU Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak produktu motaren araberako kalkulua egin zuen iaz. Oro har, erabili eta botatzekoak diren produktuak dira garestienak, baina horiek dira eskuragarrienak (supermerkatu eta saltoki handietan horiek baino ez daude salgai). Alde handiarekin merkeena den produktua, hileko kopa, ez da horren ezaguna, eta kontrara, jasangarriena da (bost urtean erabil daiteke), hileko kuleroekin batera:

Batez besteko gastua hilekorako produktu motaren arabera.

Batez besteko gastua hilekorako produktu motaren arabera.

Produktuok ezinbestean erabili behar dituzte andrazkoek, hilean hainbat egunez, eta bizitzan 40 bat urtez. Oinarrizko beharrizanerako produktua dela inork gutxi uka dezake, beraz. Bada, gauzak zer diren, produktuei ezartzen zaien balio erantsiaren gaineko zergan (BEZ) ez du halako aitortzarik. Oinarrizko elikagaiei (fruta, barazkiak, zekaleak) eta botikei BEZ super-murriztua (% 4) aplikatzen zaie Espainiako Estatuan; hileko produktuei, ordea, % 10 (BEZ murriztua duten produktuen zakuan daude sartuta). Arestian esan bezala, Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioak hura murrizteko saiakerak kale egin du berriki. Emakumeei ezarritako zerga erantsi eta diskriminatzailea ('tasa arrosa' deitu izan zaio) dela salatu dute feministek. Datu argigarri bat: Viagra gizonezkoen inpotentziari aurre egiteko botikak % 4ko BEZa du. Frantziako Estatuan zama samurragoa dute emakumeek, Gobernuak 2015ean jaitsi zuen hileko produktuei ezarri beharreko zerga, eta % 5,5ekoa aplikatzen da orain.

Europan alde handiak daude estatuen artean. Europar Batasuneko kideen artean, ia erdiek BEZ tasa arrunta aplikatzen diete hileko produktuei, besteak beste, bitxiei, edari alkoholdunei eta tabakoari ezartzen zaion bertsua. Aldiz, herrialde feministatzat jo ditzakegu Eskozia (2020tik doan eskura daitezke produktuok, munduan aitzindaria da horretan) eta Irlanda eta Ingalaterra (produktu menstrualei ez zaie zergarik aplikatzen). Beste muturrean daude Hungaria (% 27), Suitza (% 25)  edo Grezia (% 23).

Hilekorako produktuen BEZa Europan.

Hilekorako produktuen BEZa Europan.

Dena dela, pobrezia menstruala hilekorako produktuak eskuratzeko zailtasun edo ezintasun ekonomikoez harago doa. Batetik, produktu horiek erabiltzeko leku egokirik ez izateak eragin zuzena du. Hots, komun garbi eta seguruak eskura ez izatea, besteak beste, produktuak botatzeko edukiontziarekin, produktuok edo norbera garbitzeko konketa duena edota kisketarekin hornituak. Bestetik, osasun menstruala bermatzeko informazioa ez edukitzea, hau da, beldurrak eta mitoak gainditzeko hezkuntza egokia ez jasotzea.

Pobrezia menstruala Euskadin

Arestian aipatutako hiru habe horiek kontuan hartuta, "Pobrezia eta higiene menstrualari buruzko azterlana EAEn" izeneko txostena egin berri du EDE Fundazioak, Emakunderen babespean. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gaiaren inguruan egiten den lehenengoa da. Txostenaren egileek aitortu dutenez, zaila da Euskadin halakoa pairatzen duten emakumeen zenbatekoa zehaztea. Emakunderen azterlanak Espainiako Estatuan iaz 22.000 emakumeri galdetuta egindako "Ekitate eta osasun menstruala" ikerlaneko emaitzak EAEko datuetara estrapolatu ditu. Hala, EAEko 10 emakumetik 2k baino gehiagok (105.000 inguru) zailtasun ekonomikoak izan dituzte hilekorako produktuak erosteko, eta zailtasun horiek tarteko, herenak baino gehiagok aitortu dute produktu merkeagoak erosi behar izan dituztela.

Are gehiago, gehiengo handi batek (ia % 75) gomendatutakoa baino denbora luzeagoz eraman dute hilekorako produktua, hura aldatzeko leku egokia aurkitu ez dutelako. Bestalde, 62.300 emakume inguruk (% 13) normaltasunez onartzen dute hilekoak min handiak eragitea. Azkenik, erdiak baino gehiagok onartu dute ez dutela hilekoari buruzko hezkuntzarik jaso.

Pobrezia menstruala EAEn.

Pobrezia menstruala EAEn.

Kalteberagoak, are pobreago

Bistan denez, zaurgarritasun egoeran dauden emakumeak are gehiago zedarritzen ditu pobrezia menstrualak. Horretan ere sakondu nahi izan du Emakunderen txostenak, eta kolektibo horren argazkia atera nahian, EAEn lan egiten duten 3. sektoreko zenbait elkarteren (Gurutze Gorria, Caritas, Elikagaien Bankua…) eta bazterkeria arriskuan dauden emakumeen iritziak bildu ditu, baita 120 bat andrazkori egindako inkesta baten emaitzak ere.

Gizarte bazterketa arriskuan dauden emakumeen ia erdiek hilekorako ez diren beste produktu batzuk erabili behar izan dituzte

Ondorioztatu dutenez, hilekorako produktuak erosteko zailtasunak izan dituzten emakumeen ehunekoa hiru aldiz handiagoa da. % 60k onartu dute produktuok eskuratzeko kinkan egon direla, eta halabeharrez produktu merkeagoen alde egin behar izan dutenak 10etik 8 dira. Bada gehiago, ia % 45ek diote beste produktu batzuk (hala nola, mukizapiak, komuneko papera edota pixoihalak) erabili behar izan dituztela, produktu espezifikoak ezin erosita.

Azkenik, inkestan parte hartu duten hamar emakumetik ia zortzik esan dute arazoak izan dituztela produktua aldatzeko, komunak higiene baldintzak betetzen ez zituelako, eta beste hainbestek onartu dute erabili behar izan dituztela "duintasunez eta baldintza higienikoetan aldatzeko behar bezala hornitu edo prestatuta ez dauden komun publikoak" (hilekorako produktuak botatzeko paperontzirik gabe, txorrotarik gabe, kisketa apurtuta…).

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena