Gizartea -

Zibererasoa

Laboral Kutxak eraso informatikoa jasan du bezeroen posta zerbitzuan

"Zibergertakaria" maiatzaren 10ean gertatu zen, eta finantza erakundearen arabera, erasoak ez zuen "eraginik izan datuen osotasunean eta erabilgarritasunean". Biktima izan ziren bezeroekin harremanetan dago kreditu kooperatiba.

Erasoa maiatzaren 10ean izan zen, EITB Mediak jakin duenez. Argazkia: Pixabay
Erasoa maiatzaren 10ean izan zen, EITB Mediak jakin duenez.
Erasoa maiatzaren 10ean izan zen, EITB Mediak jakin duenez. Argazkia: Pixabay

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laboral Kutxak eraso informatikoa jasan zuen joan den hilabetean, eta zibergaizkileek bezeroen korrespondentzia pdf dokumentuak ostu zituzten. Dena dela, dokumentuokin operaziorik egin ezin dela eta, bankuko eraginkortasuna arriskuan egon ez zela azpimarratu dute finantza erakundetik.

Erasoa maiatzaren 10ean izan zen, EITB Mediak jakin duenez. Kreditu kooperatibak ohar baten bidez jakinarazi du gertatutakoa, eta lasaitasuna eta "gardentasuna" helarazi nahi izan die bezeroei.

Diotenez, erasoa atzeman eta berehala segurtasun protokoloa aktibatu zuen segurtasun taldeak, eta baimenik gabeko sarrera indargabetu, eta eragiketak ez ziren arriskuan egon.

Oharraren arabera, gertaerak ez zuen "eraginik izan datuen osotasunean eta erabilgarritasunean". "Bezeroen banku-jardueraren segurtasuna bermatuta egon da uneoro. Erabat egiaztatu da ez dela inolako informaziorik eskuratu kredentzial pertsonalei, txartelen zenbakiei edo autentifikazioko beste elementuei buruz", azaldu dute.

Laboral Kutxak ez du zehaztu zenbat bezerori eragin dion, baina haiekin harremanetan dagoela azpimarratu du.

Kreditu kooperatibak Espainiako Bankuari eta Datuak Babesteko Agentziari eman zien erasoaren berri, eta Zibersegurtasuneko Institutu Nazionala eta Basque Cybersecurity Centre ere jakinaren gainean daude. Halaber, zegokion salaketa aurkeztu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Euskal Autonomia Erkidegoa Laboral Kutxa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zibererasoak Internet