Gizartea -

Feminismoa

Jaurlaritzak ekainaren 15ean aurkeztuko du Berdintasunaren aldeko herri Ituna

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak egin du iragarpena, kontrolerako saioan. 400 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte ituna osatzen, eta azken helburua da euskal gazteria "berdintasunaren belaunaldi" bihurtzea.

Artolazabal, Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Argazkia: EITB Media
Artolazabal, Legebiltzarrean egin duen agerraldian.
Artolazabal, Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak ekainaren 15ean aurkeztuko du jendaurrean Berdintasunaren aldeko herri Ituna. Testua prozesu parte hartzaile baten bidez harilkatu dute (400 emakumek eta gizonek baino gehiagok parte hartu dute), eta azken helburua du euskal gazteria "berdintasunaren belaunaldi" bihurtzea. 

Hala iragarri du Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak egin du iragarpena, Eusko Legebiltzarrean egiten ari diren kontrolerako saioan, eta Maitane Ipiñazar EAJren legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez.

Artolazabalen hitzetan, Nazio Batuen Erakundeak iaz antolatutako Generation Equality (Berdintasunaren Belaunaldia) jardunaldiaren harira osatu dute ituna. Topagunea berdintasunaren aldeko inflexio puntua izan zen mundu zabalean.

Nabarmendu duenez, "guk Generation Equalityk eskaintzen digun aukera aprobetxatu dugu herri gisa berdintasunarekin dugun konpromisoan urrats bat gehiago emateko". Horretarako gizarte, politika eta ekonomia alorreko 452 pertsona bildu, eta 37 lantaldetan jarri dituzte ituna harilkatzeko.

Generation Equality ekimenaren ildoetako bat, baina baita EAEko itunarena ere, belaunaldi arteko transmisioa da. Horren harira, Artolazabalek esan du Jaurlaritza ziur dela "emakume gazteak direla gizartea aldatzeko tresna nagusia, baina oso argi daukagu gizonak aldaketaren eragile bihurtzeko gai izan behar dugula (...) gure seme-alaben belaunaldia berdintasunaren belaunaldia izatea nahi dugu".

Era berean, sailburuak nabarmendu du itunean hartutako konpromisoek Nazio Batuen sei ardatz garrantzitsuak biltzen dituztela, hots, indarkeria matxista, justizia eta eskubide ekonomikoak, gorputzaren autonomia, eskubideak eta osasuna sexuan eta ugalketan, justizia klimatikorako ekintza feminista, genero-berdintasunerako teknologia eta berrikuntza, eta mugimendu eta lidergo feministak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Emakunde Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Feminismoa Gazteak