Gizartea -
Kanpoko igerilekuak
Artxandako, Txurdinagako eta Errekaldeko kanpoko igerilekuak larunbatean irekiko dituzte Bilbon
Murrizketarik ez da izango: edukiera % 100ekoa izango da, eta herritarrek ez dute zertan aurretiko hitzordurik eskatu. Irailaren 11ra arte izango dira zabalik, 10:00etatik 21:00etara (irailean, 20:00etara arte). Sarrerak eta bonuak, nahi izanez gero, Interneten erosi ahalko dituzte, aurretik.
EITB MEDIA
Bilbao Kirolakeko kiroldegietan, larunbatean hasiko da udako denboraldia; izan ere, egun horretan, hilak 11, Artxandako, Txurdinagako eta Errekaldeko kanpoko igerilekuak zabalduko dituzte. Kanpaina herritar guztientzako da, harpidedunentzat zein harpidedunak ez direnentzat, edukierak % 100ekoak izango dira, herritarrek ez dute izango zertan aurretiko hitzordurik eskatu instalazioetara sartzeko, eta solariumeko guneak, hau da, eguzkia hartzeko guneak, ez dituzte partzelatuko.
Artxandako, Txurdinagako eta Errekaldeko kanpoko igerilekuak egunero irekiko dituzte, asteburuetan eta jaiegunetan barne, irailaren 11ra arte. Ekainean, uztailean eta abuztuan, 10:00etatik 21:00etara bitartean izango dira zabalik; irailean, berriz, 20:00etara arte.
Gainera, eta hori berritasuna da, erabiltzaileek, aurten, aukera izango dute sarrerak eta bonuak aurretik erosteko, "modu erraz eta arinean", www.bilbaokirolak.eus web orrian. Hori bai, erosketa telematikoa egiterik ez duten herritarrek kiroldegietan ere lortu ahalko dituzte sarrerak.
Halaber, udaran, San Ignazioko eta Zorrotzako barneko igerilekuak zabalik izango dira, ur-aisialdiko gune gisa.
Murrizketarik ez
Testuinguru horretan, Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotziak udako denboraldiaren aurkezpenean zehaztu duenez, edukierak % 100ekoak izango dira; hori bai, ohi bezala, sarbidea kontrolatuko dute, bai eta murriztu ere mugara iritsita, bai solariumeko gunean baita ur-gunean ere.
Harpidedunak ez diren erabiltzaileek, arestian esan bezala, aukera izango dute sarrera aurretik erosteko; hala egitekotan, emandako posta elektronikoan jasoko dute sarrera, eta sarrerako QR kodea erakutsi beharko dute, hau da, ez dute izango zertan inprimatu. Banku-txartela baliatu ahal dute ordaintzeko, bai eta Bizum sistema ere. Gertatuko balitz erabiltzaile batek sarrera duela erosita eta ez duela sartzerik edukiera mugara heldu delako, urtebete izango luke nahi duenean erabiltzeko.
Kiroldegietan ere erosi ahal dituzte sarrerak herritarrek; beharko balute, Bilbao Kirolakeko langileen laguntza jasoko dute, eta ordainketa eskudirutan egiteko aukera izango da.
Eskumuturrekoak
Bilbao Kirolakek, herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak modernizatzea helburu, instalazioetara sartzeko eskumuturrekoak ere gauzatu ditu. Aldageletako armairuak ireki eta ixtea ere ahalbidetzen du gailu horrek, eta beste hainbat funtzionalitate izatea aurreikusi dute.
Eskumuturreko horietako bat nahi izatekotan, herritarrek web orriaren eskatu beharko dute, eta Bilbao Kirolakek dituen 11 kiroldegietako edozeinetan jaso ahalko dute, erosketa-ordainagiria aurkeztuta; kiroldegietan ere eskatu ahal dute. Bi neurri izango dira eskuragarri, bata umeentzat eta bestea, handiagoa, umeentzat. Bilbao Kirolakek udara baliatuko du ohiko itxiera teknikoak egiteko; beharrezkoak dira, urteroko mantentze-lanak egiteko.
Errotetak esan duenez, "ziur" daude: "Kanpaina bikaina izango da". Herritar guztiek gozatu ahalko dute kanpoko igerilekuez: "Aisialdi osasungarriko aukera oso ona da, Bilbotik irten gabe ondo pasatzeko".