Gizartea -

Osakidetza

Andueza: "Ezin dugu espero lanpostuak betetzeko mediku guztiek 4. hizkuntza eskakizuna izatea"

PSE-EEren idazkari nagusiaren aburuz, mediku falta dagoela "eztabaidaezina" da, eta, horren aurrean, "ezin dira jarri hamarreko osasun sistema bat izatea eragozten duten sarbide-exijentziak". Sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzak baieztapen hori gezurtatu dute.

Andueza, artxiboko argazki batean. EFE
Andueza, artxiboko argazki batean.
Andueza, artxiboko argazki batean. EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiaren arabera, "ezin dugu espero lanpostuak betetzeko mediku guztiek 4. hizkuntza eskakizuna izatea", eta "hamarreko osasun sistema bat izatea, bertan sartzea eragozten duten exijentziak baditu". 

Herri Irratian egindako adierazpenetan, Osakidetzaren Lehen Arretan dagoen mediku eskasiari buruz mintzatu da Andueza. Horren ustez, profesional falta "eztabaidaezina" da. 

"Familia medikuak eta beste espezialitate batzuetakoak falta badira, lanpostuetara aurkez daitezkeen medikuen arabera moldatu behar dira baldintzak. Ezin dugu espero, Euskadin, lanpostuak betetzeko mediku guztiek 4. hizkuntza eskakizuna izatea, izan ere, eskakizun batzuek neurri handian eragotziko dute", argudiatu du. 

Anduezaren iritziz, "ezin da gauza bat galdegin, eta gero ezinbestekoak edo hain erabakigarriak ez diren baldintzak zorroztu". Azpimarratu duenez, "osasuna dugu jokoan, eta denok jarri behar ditugu egoera zuzentzeko beharrezkoak diren tresnak".

Bere burua "euskararen defendatzaile eta euskalduntzat" badu ere, ohartarazi du lan eskaintza publiko batean hizkuntza eskakizuna ezin dela izan "elementu garrantzitsu bat, zerbitzu batzuk arriskuan jartzen ditugu eta". Azpimarratu duenez, "lehentasunak ezarri behar dira, eta lanpostu horiek ahalik eta azkarren bete". 

Hizkuntza eskakizunak Osakidetzan

Sindikatuetako iturriek jakinarazi dutenez, sendagile eta erizainei bigarren hizkuntza eskakizuna betetzeko eskatzen zaie, ez ordea laugarrena, Anduezak esandakoa gezurtatuz. Ildo horretan, azpimarratu dute hirugarren eta laugarren hizkuntza eskakizunak administrazioko langileei ezartzen zaizkiela bakarrik, eta laugarrena, bereziki, euskara teknikariei.

Ildo horretan, ELA sindikatuak "oso larritzat" jo du PSE-EEren idazkari nagusiak esandakoa, "besteak beste, euskararekiko gorrotoa elikatu baitezake". Era berean, azpimarratu du gaur gaurkoz ez dagoela mediku elebakar bat "bera ere" langabezian euskarazko exijentziaren ondorioz.

27 000 langiletik 20k dute 4. hizkuntza eskakizuna

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako arduradun nagusiak argitu duenez, Osakidetzako plantilla osatzen duten 27.000 lanpostuetatik "4. hizkuntza eskakizuna bakarrik eskatzen zaie euskararen profesionalei", zehazki 5 itzultzaileri eta 15 euskara teknikari ingururi.

Lanpostuan sartzeko hizkuntza-eskakizuna egiaztatu behar duten medikuntzako, erizaintzako, zaindariko, erizaintzako laguntzaileetako eta fisioterapeutetako lanpostuetan, besteak beste, B2 (2. he) maila eskatzen dela ziurtatu du.

"Horrek esan nahi du ez dela osasun-arloko lanpostu batean ere C1 (3. he) eta C2 (4. he) eskatzen eta baloratzen", azpimarratu du sailburuak. Hala ere, "C1 profila egiaztatuta duten milaka mediku daude", eta maila horrek ez die puntuazio edo balorazio handiagorik ematen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak Medikuak Erizaintza Eneko Andueza