Gizartea -
TOPAGUNE FEMINISTA
Euskal Herriko Topagune Feministaren "eztandak dardara" egin du Oñatin
Berezia izango da aurtengo topaketa. Euskal Herriko Bilgune Feministak 20 urte bete ditu, eta bi hamarkadatan egindako bidean jarriko dute azpimarra, etorkizuna marrazteko. Bidegileak eta bide-urratzaileak bilduko dira.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
'20 urtez paradisuak erretzen... eztandak dardara gaitzala' lelopean, Oñatik hartuko du asteburu honetan Euskal Herriko Topagune Feminista. "Ospatzeko, elkartzeko, ikasteko, dastatzeko, dantzatzeko, jaso eta emateko" bilduko dira Euskal Herri osoko talde feministetako aditu eta arituak. Azken bi hilabeteotan herriz herri aurkezpenak egin dituzte, lan-ildoak aurkeztu, eta "sarea elkartu eta indarrak batzeko".
Oñatiko frontoia izango da jardunaldien gune nagusia, eta han emango diote hasiera larunbat goizean Euskal Herriko Bilgune Feministak deitutako jardunaldiei. Egun osoko egitarau zabala antolatu dute, askotariko mahainguru, tailer eta ekintzekin. "Sexu eta genero disidentziak izan duen ibilbideaz" eta "zaintzaren potentzialitate politikoaz" egingo dute gogoeta goiz eta arratsaldeko saioetan, eta ekitaldi nagusia iluntzean egingo dute. Euskal Herriko Bilgune Feministaren 20. urteurreneko abestia sortu duen Ginger Zarauzko taldearen eta IRA, Chocolate Remix eta DJ Miauren musikarekin borobilduko dute gaua.
Igande goizean, berriz, Nomadak Gaittun azoka egingo dute, Oñatiko Dinagu elkartearekin elkarlanean. Emakume sortzaile eta artisauen lanak erakutsiko dituzte, eta ondoren, herri-bazkaria egingo dute. Anari musikari azkoitiarraren kontzertuarekin amaituko da aurtengo topaketa.
2002an sortu zen Euskal Herriko Bilgune Feminista, esparru ugarietako "emakume asko eta askotarikoen hausnarketatik" sortutako egitasmoa. "Euskal feminismoaren eta euskal feministen oinordeko" jotzen dute euren burua, eta "zapalkuntza hirukoitzaren — klase-zapalkuntza, nazio-kultura zapalkuntza eta sexu-generoaren zapalkuntza — aitortzatik" abiatzen dute euren borroka, "Euskal Herri burujabe eta feminista baten alde".
Topagunean parte hartzeko sarrerak, oraindik, eskuragarri daude, web orri honetan.
Euskadi Irratiko "Goiz Kronika" albistegian Kakun Guarrotxena Euskal Herriko Bilgune Feministako sortzaileetakoa elkarrizketatu dute. Mugimenduak egindako bidean jarri du azpimarra, eta feminismoak azken bi hamarkadotan Euskal Herrian egindako ekarpen politikoa eta soziala nabarmendu du.
Hastapenetik gaurdaino emakume eta emakumearen eskubidea erdigunean jarrita egin dute lana, eta ibilbidea gazi-gozoa izan dela onartu du Guarrotxenak. "Gauza batzuetan okerrera eta batzuetan hobera egin du gure egoerak. Dena dela, feminismoak gora egin du azken sei-zazpi urteotan, eta hori da garrantzitsuena", zehaztu du.
Egindako lan guztia ikusaraztea eta aurrera begirako erronkak finkatzea izango dute helburu Oñatin, "sarea elikatuz eta ondo pasatuz".