Gizartea -
KORONABIRUSA
295era jaitsi dira ospitaleratukoak eta 25era igo dira covid-19ak eragindako heriotzak Euskadin azken astean
Aurreko astean baino hamar heriotza gehiago dira, eta ZIUetan bederatzi pertsona larri daude, duela astebete baino bost gutxiago. 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 361era jaitsi da.
N. B. | EITB MEDIA
25 pertsona hil dira Euskadin covid-19aren ondorioz azken astean, aurreko zazpi egunetan baino hamar gehiago. Gainera, gela arruntetan 295 pertsona daude ospitaleratuta, eta horiei bederatzi gehitu behar zaizkie ZIUetan, aurreko astean baino bost gutxiago.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan argitaratutako azken buletin epidemiologikoaren arabera, ekainaren 6tik 12ra bitartean 3.748 kasu positibo erregistratu dituzte, aurreko asteko 4.172 kasuen azpitik. Datu hori egindako 19.573 proben % 19,1 da. Horietatik 2.344 positibo 60 urtetik gorakoen artean eman dira, kolektibo horretan egindako 10.432 proben % 22,5.
60 urtetik gorako biztanleriaren intzidentzia-tasa metatua 14 egunetan jaitsi egin da, 741,73 kasuraino 100.000 biztanleko (822,56 kasu aurreko astean). Aldiz, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 361,12koa da biztanleria orokorrean (400,10aurreko astean).
7 eguneko intzidentzia, oro har, 209,88tik 170,89ra jaitsi da azken astean, eta 60 urtetik gorakoen artean ere jaitsi egin da 395,17tik 346,5era.
Tasen arrazoia, 7 egunetan, 0,90ekoa da, aurreko asteko 0,91ekoaren aldean. 14 eguneko tasen arrazoia 0,90era igo da, aurreko asteko 0,83arekin alderatuta.
Oinarrizko birsorkuntza zenbakia, covid-aren hedapena neurtzen duena, 0,96ra igo da (aurreko astean 0,95ekoa zen).