Gizartea -

Bide segurtasuna

Autoaren gidabaimena, 16 urterekin: Zer da eta zer ekarriko du B1 baimen berriak?

Espainiako Gobernuak iragarri duenez, 16 urtetik gorako gazteentzat gidabaimen berria izango da aurki: 90 km/h-ko abiaduran gidatu ahalko dituzte mugatutako auto elektrikoak. STOP Istripuak eta RAC Vasco Navarro elkarteekin aztertu dugu neurri berria.

B1 gidabaimenarekin 400 kiloko auto elektrikoak (irudikoa bezala) gidatu ahalko dira. XEV YOYO
B1 gidabaimenarekin 400 kiloko auto elektrikoak (irudikoa bezala) gidatu ahalko dira.
B1 gidabaimenarekin 400 kiloko auto elektrikoak (irudikoa bezala) gidatu ahalko dira. XEV YOYO

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herrian eskuragarri dauden bost gidabaimenei beste bat batuko zaie 2023tik aurrera: B1 motakoa (Ipar Euskal Herrian badute dagoeneko). Espainiako Gobernuak iragarpena egin zuenetik, bolo-bolo ibili da gaia, batik bat, balizko erabiltzaileen adina tarteko. Izan ere, gidatzeko baimen berri horrek 16-17 urteko adingabeak ditu jomuga. Abiadura eta potentzia mugatuta dituzten auto elektrikoak gidatu ahalko dituzte. Bide segurtasunean erreferente diren bi talderekin, STOP Istripuak eta RAC Real Automovil Club Vasco Navarro elkarteekin, egon gara gidabaimenaren inguruko galderak erantzuteko.

Nori dago zuzendua B1 gidabaimen berria?

16 urtetik gorako adingabeei.

Zeintzuk dira ezberdintasunak orain arte dauden gidabaimenekin?

Gaur-gaurkoz, adingabeek bi aukera dituzte ibilgailu pribatu bat gidatzeko. Batetik, 15 urte baino gehiagokoek 'gidabaimenik gabeko autoa" (berez baimen jakin bat behar da, AM baimena) ibil dezakete. Auto txiki horiek (350 kilo) matrikula horia dute, eta, gehienez, orduko 45 kilometroko abiaduran joan daitezke (gehienez, bost zaldiko potentzia). Bestalde, 16 urterekin, A1 baimena atera dezakete motozikleta bat gidatzeko (15 zaldi baino gutxiago).

Beste herrialderen baten bada baimen hori?

Bai. 2006ko Europako zuzentarau batek eman zuen bidea, eta, ordudanik, hainbat herrialdetan dago indarrean, besteak beste, Frantziako Estatuan, Portugalen, Erresuma Batuan eta Italian.  

Nola eskura daiteke?

DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak ez du oraindik zehaztu gidabaimen hori eskuratzeko azterketak nolakoak izango diren; izan ere, zuzentarauak askatasuna ematen die estatu kideei. Litekeena da B baimena (autoak gidatzekoa) eskuratzeko azterketa teoriko eta praktiko berdintsuak eskatzea. 

Zein auto mota da gidatu ahalko dutena?

Mario Garcia RAC Vasco Navarro bozeramaileak azaldu duenez, L7 motako kuatrizikloak dira (20 bat zaldiko potentziadunak) B1 gidabaimenarekin 16 urtetik gorakoek gidatu ahalko dituztenak. "Ibilgailu horrek matrikula arrunta izango du, ez horia, baina ez ditu auto normal batek dituen berezitasun guztiak izango. Pisuari dagokionez, 400 kiloko autoak dira (550 kilo, banaketarako badira) eta pisu horri bateriena gehitu behar zaie. Dena dela, ez dira 1.000 kiloko autoak izango. Gainera, abiadura muga izango dute, eta, gehienez, 90 km/h-ra joan ahalko dira. Hala, hiriguneetan eta hiriarteko errepideetan erabili ahalko dira. Hirian edo landa eremuan ibili ahalko dira, baina ez ibilbide luzeetarako. Orokorrean, bi plazako ibilgailuak izango dira".

Garciaren esanetan, "erabiltzaile batzuek auto elektriko arruntarekin nahas dezakete, baina, horretarako, B motako gidabaimena behar da, errekuntza ibilgailuek besteko abiadura eta potentzia dutelako. Eta kontuz, auto horiek ez dira matrikula horidun mikroautoak. Ez dira, ez bata, ez bestea".  

Gaur-gaurkoz, mota horretako auto gutxi daude merkatuan, eta batez besteko prezioa 7.000-10.000 eurokoa da. Horri zirkulazio zerga, asegurua, eta auto bat izateak dakartzan gastu guztiak batu behar zaizkio. 

Zer ekarriko du gidabaimen horrek?

Galdekatutako bi elkarteek balorazio oso ezberdina egin dute. Ana Novella STOP Istripuak elkarteko presidentearen aburuz, neurria "oso arriskutsua da, 16 urteko mutikoek eta neskek auto bat gidatu ahalko dutelako gure hiri eta bigarren mailako errepideetatik".

Novellak azpimarratu duenez, adina da arazoetako bat: "Batzuetan, 18 urteko batek ez du bolantearen aurrean jartzeko heldutasunik, pentsa 16 urteko batek". Gainera, bigarren mailako errepideak erabiliko dituztela-eta, "gehienak aztergai daudela eta konponketa ugari" egiteke dituztela ohartarazi du. Azkenik, Espainiako Estatuan bide segurtasunaren kontzientziazio falta dagoela azpimarratu du, eta istripu batek ondorioak izatekotan, zigor maila txikia. "B1 baimena ezarrita duten herrialdeen ondoan, Espainiako egoera ez da alderagarria. Gainera, adingabeez ari gara, gidatzen ari direla norbait hiltzen badute, Adingabearen Legearen arabera epaituko dituzte".

"16 urterekin, askok ez dute bolante aurrean jartzeko heldutasun nahikorik", diote STOP Istripuak taldekoek

Mario Garcia RAC Vasco Navarro elkarteko bozeramaileak balorazio positiboagoa egiten du, Novellak azaldutako "beldurrak" ulergarriak direla uste badu ere. "Gazteak auto bat gidatzeko prozesura modu mailakatuan hurbilduko dira, trantsizio koherente eta arrazionalagoa ekarriko du, eta, gainera, emisio gutxiago sortuko dira", argitu dugu. Modu argiagoan azaldu du: "Orain, 18 urteko gazte askok bigarren eskuko autoa erosten dute, merkea eta 200 bat zaldikoa. Orain arte izan dugun istripu askotan hori izan da profila: gidari gaztea, potentzia askoko auto batekin eta gidatzeko eskarmentu eskasarekin. Gidabaimen horrek aurreko esperientzia bat emango die gazte horiei, auto arrazionalago batzuekin —gehienez jota, 20 zaldiko potentzia dute— eta, alde horretatik, segurtasun handiagoa izango dute. Gainera, 16-17 urterekin auto hori erosten badute, ez dute urtebetez bakarrik erabiliko eta auto potenteago bat erosteko erabakia atzeratuko dute. Erosiko dute azkenean? Akaso bai, baina, ordurako, kilometroak edukiko dituzte eginda, eta errepidearen arriskuez jakitun egongo dira".

RAC Vasco Navarro: "Auto arrunt bat gidatzeko trantsizio arrazionalagoa ekarriko du"

Bada kontu positibo gehiago, Garciaren esanetan. Motozikleten aldean, ibilgailu horiek "karrozeria dute, segurtasun elementuak (ABS eta enparauak), eta horrek segurtasuna emango dio mugikortasunari". 

STOP Istripuak elkarteko presidenteak bestela irizten dio: "Motozikletan baino babestuago daudela sentituko dute mutiko eta neskatoek, eta, horregatik, arinago joango dira". Gainera, abiadura mugatuta izanda ere, "90 km/h-koaz ari gara, gehiegizko abiadura da".

RAC Vasco Navarroko Mario Garciak zehaztapena egin nahi izan du amaitzeko. B1 gidabaimen horrek "ez die autoarekin nahi dutena egiteko baimena ematen. Bide segurtasuna zer den azaldu behar da, arriskuez ohartarazi, eta pedagogia egin, pedagogia asko". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak gaur