Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Bildarratzek Hezkuntza Legea 2023-2024 ikasturterako prest egon litekeela esan du: "Akordio ona dago"

Hezkuntza sailburuak, gainera, Radio Euskadin hitz egin du Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa edo horren zati bat Espainiako Estatu osoan komuna izateko aukeraz, Espainiako Gobernuak nahi duen moduan.

Jokin Bildarratz, Radio Euskadin elkarrizketatua. Argazkia: EITB Media
Jokin Bildarratz, Radio Euskadin elkarrizketatua.
Jokin Bildarratz, Radio Euskadin elkarrizketatua. Argazkia: EITB Media

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, Hezkuntza lege berriaren testu artikulatua amaitzen ari da Saila, eta "udazkenean irits liteke Legebiltzarrera" 2023-2024 ikasturterako prest egoteko. "Ongi gabiltza, akordio ona dago. Sustrai sakonak ditu", gehitu du Bildarratzek.

Eztabaidari dagokionez, Bildarratzek garrantzia kendu die Eusko Jaurlaritzako alderdien eta oposizioaren arteko desadostasunei. Izan ere, aste honetan leundu dituzte, jarraipen batzordearen lehenengo bileran, sailburuak, EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk.

Espainiako Estatu osoan Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa berdina izateko aukerari buruz galdetuta, sailburuak esan du ebaluazioa "ikasleak ikasten duen eremutik ahalik eta hurbilen" izatea nahi duela "kalitateari eta prestakuntzari" kalte ez egiteko.

Sailburuak azaldu du eskumena autonomikoa dela, baina curriculumaren erdia komuna dela Espainian, eta beste erdia autonomia-erkidegoei dagokiela. Beraz, USE berdinaren proposamena Estatuaren esku dagoen % 50ari omen dagokio. "Ikusiko dugu nola garatzen den eztabaida hori, eta, alde horretatik, ikasleen onerako dena egin behar da beti", gaineratu du.

Pandemiaren bigarren ikasturtea amaitzear dagoenean, sailburuak "bikain" bat jarri dio hezkuntza komunitate osoari. "Ez bakarrik irakasleei, baita sukaldariei eta covid-19ak eragin dituen arazoak konpontzeko inplikatu diren hezkuntza komunitateetako kide guztiei", esan du.

Bildarratzek "zuhurtzia" eskatu du datorren ikasturteari begira, eta azaldu du, sindikatuekin ikastetxe publikoetan lortutako akordioaren ondoren, Sailak covid-19aren errefortzuko irakasleak "hezkuntza sistemak behar dituen beste funtzio batzuetara bideratuko" dituela, berrikuntzaren eta curriculumaren garapenaren arloan aholkulari eta orientatzaile gehiago jarriz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza