Gizartea -
EITB AITA MARI-N
Aita Mari porturatzeko baimenaren zain dago, 68 migratzaileri bizia salbatu eta gero
Ontziak Lanpedusatik 20 miliara dago. Italiak ez du oraindik porturatzeko baimenik eman.
EITB MEDIA
Aita Marik hiru erreskate egin ditu dagoeneko, eta Lampedusa uhartetik (Italia) 20 miliara da, 68 pertsona migratzaileri bizia salbatu eta gero. Euskal erreskate ontzia porturatzeko baimenaren zain dago. Italiak ez du oraindik porturatzeko baimenik eman. Are gehiago, bi aldiz ukatu dio, eta Maltak ez du erantzunik eman.
Euskal ontziak beste 40 pertsona erreskatatu ditu gaur goizaldean Mediterraneoan, horietatik sei emakumeak dira, beste sei, adin txikikoak eta bat, mugikortasuna mugatuta duen gizon bat.
Erreskatea gauerdia jotzear zegoenean hasi da, abisua jaso eta ordu erdiz pertsona migratzaileen bila egon ostean.
Erreskatatutako pertsonen artean, bidaia bakarrik abiatu duen emakume bat zegoen, bere hiru seme-alabekin batera, horietako bat autista.
Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundeak ohar batean zehaztu duenez, ontzi urdin batean 24 ordu baino gehiago jitoan eman dituzte, Libiatik ihesi. 27 heldu, adingabe bat, sei emakume eta 8 hilabete eta 4 urte arteko sei haur dira azken erreskatatuak. Gehienak Libiatik datoz, baina baita Sudan, Siria eta Egiptorik ere. Guztien osasun egoera nahiko ona da, baina hotz, neke eta beldur handia pasa dituzte.
Hirugarren erreskate honen ostean, 68 pertsona erreskatatu ditu guztira Aita Marik hiru egunetan.
Egoera larrian baina egonkor zegoen 15 urteko mutikoari dagokionez, hobera egin du, eta, momentuz, ez diote oxigenoa eman behar izan.
Italiak ez du oraindik porturatzeko baimenik eman, larri dagoen mutikoa ospitalean arta dezaten. Are gehiago, bi aldiz ukatu du, eta Maltak ez du erantzunik eman.
SMHk gogorarazi duenez, "arrisku egoerak egunero errepikatzen dira, korridore humanitariorik ez dagoelako, bizitza arriskuan jarri beharrik ez izateko". "Migratzaileak gelditzeko finantziazioa konponbide etiko, moral eta bideragarria ez dela esaten diegu EBko gobernuei, giza eskubideak bermatzen ez direlako", salatu du.
EITB Media azken misio honen lekuko berezia izaten ari da. Izan ere, Asier Sanchez ETBko kazetaria ontzi barruan doa jarraipen zabala egiteko eta bigarren misio honen nondik norakoak gertutik ezagutzeko.
Erreskate ontzia ekainaren 6an abiatu zen Palmako portutik Mediterraneo erdialdera denboraldiko bigarren misio humanitarioan.
Aurreko misioetan bezala, pobreziatik edo gerratik ihesean, Mediterraneo itsasoan euren bizitzak arriskuan jartzen dituzten migratzaileak erreskatatzea da helburua.