Gizartea -
pertsona errefuxiatuak
1.234 babes eskaera jaso ditu Euskadik urteko lehen lau hilabeteetan
Venezuela eta Kolonbia dira babes eskaera zerrendaren buru. Gainera, otsailetik Zehar-Errefuxiatuekin eta CEAR Euskadi erakundeek 1.166 errefuxiatu artatu dituzte Ukrainan, horietako % 70, emakumeak.
eitb media
Euskadik 1.234 babes eskaera jaso zituen guztira 2022ko lehen lau hilabeteetan, Venezuelatik eta Kolonbiatik gehienak. 2021eko 12 hilabeteetan, berriz, 1.724 izan ziren.
Hala ezagutarazi dute ostegun honetan Zehar-Errefuxiatuekin eta CEAR Euskadi erakundeek. Prentsaurrekoa egin dute Arantza Chacon Zehar-Errefuxiatuekin taldeko zuzendariak eta Elena Valverde CEAReko lurralde koordinatzaileak, ekainaren 20an izango den Pertsona Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela eta.
Khatera Dadfer (Afganistan), Fernanda Falçao (Brasil) eta Skarlet Khamad (Ukraina) errefuxiatuak ere izan dira Euskadiko azken babes datuen azterketa eta analisia egiteko agerraldian. Euren esperientzia eta euren herrialdeetatik irtetera behartu dituzten nondik norako pertsonalak izan dituzte hizpide.
Aurtengo apirilera arte Euskadin jasotako 1.234 babes eskaeren artean, 459 Bizkaiari dagozkio, 408 Gipuzkoari eta 367 Arabari.
Valverdek azaldu duenez, 2020tik 2021era % 44 erori ziren Euskadin babes eskaerak, eta 2022ko lehen hilabeteetan gora egin dute berriz zifra horiek; batik bat, Errusiaren inbasioak eragindako Ukrainako krisia dela eta, unera arte 6,5 milioi errefuxiatu eragin baititu.
Arantza Chaconen arabera, "herritarren exodorik handiena da II Mundu Gerratik", eta krisi humanitario honek berriro azaleratu du "errefuxiatuen eta babeserako eskubidearen errealitatea".
Nolanahi ere, ospatu egin ditu krisi humanitario honen aurrean eman diren "elkartasun erakustaldi sozialak, administratiboak eta mediatikoak izugarriak", eta "erantzuna egoerak eskatu duenaren parean egon izana".
Gainera, nabarmendu du "beste tokietako pertsona askok ere euren herrialdeetatik ihes egin" behar izan dutela, eta "Euskadiren babes bila" daudela.
Eusko Jaurlaritzako Delegazioak jasotako datuen arabera, 2022ko lehen hilabeteetan babes tenporalerako 3.382 ebazpen jaso ditu, 'Ukraina profilari' dagozkionak. Horietatik, 1.438 Bilbon izapidetu ziren, 1.387 Donostian eta 557 Araban.
Zehar-Errefuxiatuekin eta CEAR Euskadi plataformek Ukrainatik zetozen 1.166 pertsona artatu dituzte guztira euren bulegoetan; % 70, emakumeak. Horien artean, 942 Bizkaian artatu dituzte, 485 Gipuzkoan eta 239 Araban. Askotariko arretak behar izan dituzte; "harrera baliabideetarako eta zentroetarako desbideratzeak, gizarte arreta, kontsultak, laguntzen izapidetzeak zein bestelako baliabideetarako desbideratzeak". Hala azaldu du Chaconek eta, azpimarratu duenez, "borondate politikoa dagoenean, gerretatik, gatazketatik eta jazarpenetik ihesi ari direnen babesa bermatzen da".
Aldarrikapen taula
Errealitate horren aurrean, bi erakundeek eskatu dute "pertsona migratzaile eta errefuxiatuei espainiar Estatura zein Euskadira irits daitezela bermatzeko euren bizitza arriskuan jarri gabe, harrera prozedurarako bide legalak eta seguruak erraztuz". Era berean, "herrialde hartzaileen interes ekonomikoen zerbitzura dagoen muga politikarekin" amaitzeko eskatu du, "pertsona asko uzten baititu jatorriko herrialdeetan zein iragate herrialdeetan geratuta; euren giza eskubideak errespetatzen ez dituzten tokietan, alegia".
"Pertsona migratzaile eta errefuxiatuen instrumentalizazioarekin" amaitzeko ere eskatu du, "presio politikorako tresna gisa erabiltzen baitituzte".
Bukatzeko, "etxebizitza sozial baterako eta gizarte, hezkuntza, osasun eta kultur baliabide zein zerbitzuetarako sarbidea bermatzeko" eskatu dute guztientzat, "nazioarteko babes beharrak dituzten pertsonen zailtasunak kontuan hartuko dituzten irizpideak ezarriz".
Ekainak 20, egun berezia
Ekainaren 20an ospatzen den Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela eta, EAEko hiru hiriburuek manifestazioak deitu dituzte, "Izan gaitezen aterpe. Harrera egin, baztertu gabe" lelopean.
Donostiako manifestazioak igandean izango da, ekainaren 19an, eta 12:00etan aterako da Aquariumetik.
Hilaren 20an bertan, berriz, Bilboko eta Gasteizko manifestazioak izango dira. Biak ala biak abiatuko dira 19:00etan, Arriaga plazatik eta Andre Maria Zuriaren plazatik, hurrenez hurren.