Gizartea -
Aldiriko trenak
Renfeko Bilbo-Santurtzi eta Bilbo-Muskiz lineak etenda, katenarian matxura izan ondoren
17:00ak aldera, Santurtzi-Bilbo ibilbidea egiten ari zen tren baten katenaria erori egin da, eta txinparta mordoa atera ditu. Konboia trenbidean geratu da, konkretuki, tunel baten erdian, Barakaldon. 30 bat bidaiari tren barruan harrapaturik geratu dira.
EiTB Media
Bilbo-Santurtzi (C1) eta Bilbo-Muskiz (C2) aldiriko tren zerbitzuak etenda daude, katenarian matxura izan ondoren, Renfe konpainiako iturriek Radio Euskadiri azaldu diotenez. Bidaiarientzako garraio alternatiboa eskaintzen ari dira dagoeneko.
17:00ak aldera, Santurtzi-Bilbo ibilbidea egiten ari zen tren baten katenaria erori egin da, eta txinparta mordoa atera ditu.
Konboia trenbidean geratu da, konkretuki, tunel baten erdian, Barakaldon. 30 bat bidaiari tren barruan harrapaturik geratu dira.
Bidaiariek trenaren barruan gutxienez ordubete eman dute irten ezinik. 18:00ak aldera atera dituzte larrialdi zerbitzuek, larrialdi irteeratik.
Bidaiari batzuk artatu behar izan dituzte bero-kolpeengatik.
Renfeko eta Adifeko langileak matxura konpontzen ari dira. Trenbidean geratu den konboia Desertu geltokira atoian eraman dute.
Aldiriko gainerako zerbitzuak (Bilbo-Orduña C3 linea eta Bilbo-Balmaseda C4 linea) normaltasunez ari dira.