Gizartea -

MIGRAZIOAREN DRAMA

10 hildako urtebetean: Bidasoan itotako ametsak

2021eko apiriletik zazpi pertsona hil dira Bidasoa ibaian, Irun eta Hendaia artean. Beste hiru lagun hil ziren 2021eko urrian, trenak harrapatuta, Ziburun.

Bidasoan itotako pertsona migratzaile baten omenezko elkarretaratzea Irunen, 2021ean. Argazkia: EITB
Bidasoan itotako pertsona migratzaile baten omenezko elkarretaratzea Irunen, 2021ean. Argazkia: EITB
Bidasoan itotako pertsona migratzaile baten omenezko elkarretaratzea Irunen, 2021ean. Argazkia: EITB

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizitza hobearen bila zihoan pertsona migratzaile baten gorpua aurkitu dute larunbat honetan Bidasoa ibaian, Behobia parean.

Tamalez, antzeko hainbat kasu izan dira azken hilabeteotan Gipuzkoako eta Lapurdiko mugan. Frantziara, Alemaniara zein Europa iparraldera bidean doazen migratzaileak itsasoz, mendiz... ahal den modura saiatzen diren muga igarotzen eta kontrolak saihesteko, bide arriskutsuen aldeko hautua egiten dute hainbatetan.

Bidasoa ibaia aukeratzen dute batzuk Irundik Hendaiara igeri igarotzeko esperantzan, baina puntu beltza, galbidea, bihurtu da inguru hori urtebete pasatxoko kronologia latz hau kontuan izanda.

2022ko apirila: Apirilaren 18an Bidasoa ibaira jausitako pertsona migratzaile gazte baten bila ari dira

2022ko martxoa: Bidasoa ibaian desagertu zen gazte senegaldarra bilatzeari utzi diote

2021eko azaroa: Pertsona migrante baten gorpua aurkitu dute Bidasoa ibaian, Irunen

Migratzaile bat zauritu du trenak Lapurdin

2021eko urria: Hiru pertsona migratzaile hil dira Ziburun trenak harrapatuta, eta laugarren bat larri zauritu da

2021eko abuztua: Beste pertsona migratzaile baten gorpua aurkitu dute Bidasoa ibaian, Irunen

2021eko maiatza: Gizonezko baten gorpua atera dute Bidasoa ibaitik, Irunen

2021eko apirila: Gizon gazte eritrear baten gorpua aurkitu dute Irunen

Korridore humanitarioak eskatu dituzte pertsona migrante guztientzat

Irungo Harrera Sareak lan eskerga egiten du pertsona migratzaile horiei laguntza ematen. "Pertsona migratzaileek ezin dute ohiko bide eta zubirik igaro muga igarotzeko eta Bidasoa gurutzatuz Hendaira iristeko saiakerak normalizatzen ari dira" azaldu izan dute plataformatik. Ibaia oso arriskutsua dela azaltzen diete, korronte handiak baitaude, baina ez dago saiakera guztiak ekiditerik. Horregatik "korridore humanitarioak" eskatzen dituzte migratzaile guztientzat.

Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio zuzendariak behin eta berriz eskatu izan du "korridore seguruak pertsona guztientzat". "Tamalgarria da bizitza hobe baten bila datozen pertsonak hiltzen ikustea. Tragedia bat eta drama bat da, korridore humanitarioak inoiz baino beharrezkoagoak dira".

Pertsona migratzaileen eta laguntza ematen dietenen lekukotzak EITBn

ETB2ko Aqui y Ahora saiak "Cruce de fronteras" (gaztelaniaz)" saio berezia egin zuen gai honen inguruan, lekukotza gogorrak bilduz.

Radio Euskadik, berriz, migratzaileei muga gainditzen laguntzen dien mugalari bat elkarrizketatu zuen duela gutxi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Herriak eta Hiriak Migrazioa Gipuzkoa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Hendaia Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Ibaiak Lapurdi