Gizartea -
gasteiz
Osakidetzak LEParen lehen azterketak egin ditu, 3.535 plazarekin
38.654 pertsona aurkeztu dira larunbat honetan Gasteizen egindako azterketetara, 2018-2019 LEParen baitan.
eitb media
Osakidetzaren 2018-2019ko LEParen lehen azterketak izan dira larunbat honetan Gasteizen. 38.654 pertsona aurkeztu dira, eskaintzen diren 3.535 plazetako bat eskuratzeko.
Lehen fase honek Lehen Arretarekin lotutako kategoriak jasotzen ditu, hori indartzeko eta egonkortasun handiagoa emateko. Bertan daude Familia Medikuntzara bideratutako 332 postuak eta Pediatriarako 51 postuak.
Zentzu horretan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Euskal Osasun Zerbitzuak LEP honen antolakuntzan egindako lanaren garrantzia azpimarratu du, "Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoaren egonkortasunarekiko eta kalitatearekiko duten konpromisoaren adierazgarri".
"Badakigu Osakidetzak duen hoberena, ondasunik preziatuena, bere profesionalak direla, eta horien egoera bermatu eta hobetu nahi dugu", adierazi du.
Sagarduik nabarmendu du LEP honetan "lehentasuna" eman nahi izan zaiola Lehen Arretari, bere langileei "egonkortasuna" emateko sistema osoaren onurarako.
3.535 plaza eskaintzen dira Lan Eskaintza Publiko honetan, eta bi fasetan banatu da prozesua. Lehen faseko azterketak asteburu honetan izango dira Gasteizko EHUren ikasgelategian, eta uztailaren 2an eta 3an BECen.
Guztira, 38.654 pertsona aurkeztu dira lehen fase honetako 1.610 postuetako bat eskuratzeko asmoz. Bigarren faseko azterketak aurtengo udazkenean izango dira.
19 kategoria profesionaletan banatuta daude OPE plazak, Lehen Arreta tartean. Eusko Jaurlaritzak "lehentasuna" eman nahi izan dio, ahalik eta plaza kopururik handiena egonkortzen saiatzeko.
Gainera, logopeda, emagin, anatomia patologiko teknikari, zitologo, optika eta optometrian tituludun, Lan Osasuneko erizain eta dietetika teknikarientzako ere izan dira larunbat honetako azterketak.
Igandean pediatren, audiprotesi eta radioterapia teknikarien, osasun mentaleko erizainen, terapeuta okupazionalen eta dokumentazio sanitario teknikarien txanda izango da.
BECen uztailaren 2an hasiko dira probak. Administrarientzat, fisioterapeutentzat, gizarte langileentzat eta laborategiko teknikarientzat izango dira. Hurrengo egunean, berriz, erizainek eta radiodignostiko teknikariek egingo dituzte azterketak.
LEP honen ostean, beste bat izango da azaroan eta abenduan, 63 kategoriatako 1.924 plazarekin.