Gizartea -
Opor-ontzien denboraldia
Hiru opor-ontzi heldu dira gaur Bilboko Portura 5.000 turistarekin
Bidaiari gehienak Erresuma Batukoak eta AEBkoak dira. Denboraldia hasi zenetik, apiriletik, 32 bidaiari-ontzi heldu dira gurera, baina gehienak etortzeko daude.
Agentziak | EITB Media
Hiru opor-ontzi heldu dira gaur Bilboko Portura, barruan 5.000 bat turista zituztela. Bidaiari gehienak Erresuma Batukoak eta Ameriketako Estatu Batuetakoak (AEB) dira, eta, horiekin batera, tripulazioko 3.000 pertsona bidaiatzen ziren, Bilboko Portuko Agintaritzak jakinarazi duenez.
Esan bezala, hiru dira porturatutako ontziak: 330 metro luze dituen Enchanted Princess (Carnival taldea), 221 metroko Seabourn Ovation (Seabourn konpainia, Carnival taldea) eta 332 metro luzeko MSC Virtuosa (MSC Cruceros). Azken horrek apirilaren 27an Getxon egin zuen lehen eskala (han dago bidaiari-ontzien portua), eta berriro itzuli da orain. Ondoren ere, ekainaren 28an eta urriaren 19an, etorriko da.
Arroxelako, Bordeleko (Frantzia) eta Gijongo (Espainia) portuetatik irtendako ontziak 07:00 edo 08:00ak aldera heldu dira Getxora. Arratsaldean aterako dira berriro (16:00-18:00); horietako batek Hendaia (Ipar Euskal Herria) du helmuga, eta, beste biek, Coruña (Espainia).
Bilboko Portuak 80 bidaiari-ontzi inguru hartuko ditu aurten. Denboraldia hasi zenetik, apiriletik, 32 iritsi dira.