Gizartea
EITB, AITA MARIN
Aita Marik Sizilian porturatzeko baimena jaso du
EITB MEDIA
Aita Mari ontzia ostegun goizean lehorreratuko Siziliako Augusta portuan. Mediterraneo itsasotik erreskatatutako 112 pertsona daramatza barruan, tripulazioko kideez gain.


Gipuzkoako Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak Siziliako Augusta portuan lehorreratzeko baimena eskuratu du eta, dagoeneko, hara bidean dira. Lehorreratzea ostegun goizean, 08:00etatik aurrera, egingo dute.
Lehorreratzeko baimena emateko "denbora gehiegi" itxaronarazi dietela eta horrek migratzaileen "sufrimendua areagotu" duela salatu du SMHk.
Halaber, gizarteak, komunikabideek, gobernuz kanpoko erakundeek eta zenbait alderdi politikok eman dieten babesa eskertu dute. "Gure bozgorailua izan dira eta horrek pisu handia izan du portua esleitzerakoan", azpimarratu dute.
Aita Mari ontziak egunak zeramatzan Mediterraneoan erreskatatutako 112 pertsona migratzaileak lehorreratzeko portu bila. Azken egunetan, ontzi barrutik ohartarazi dute tentsioak gora egin duela espazio mugatuak, estresak eta bizikidetza zailak eraginda. Sizilian porturatzeko baimena jaso dutela jakin dutenean, migratzaileak saltoka eta oihuka hasi dira, pozez zoratzen.
AHORA SIIIIIII @eitbNoticias @maydayterraneo pic.twitter.com/BcUV3upakm
— Asier Sánchez (@Asiersangar) June 22, 2022
Misio honetan Aita Marik lau erreskate egin ditu. Azkena ostiralean izan zen eta 45 pertsona salbatu zituen. Aurrez, 11, 17 eta 40 pertsona erreskatatu zituen. Beraz, 113 pertsona guztira.
Horietako bat, Hamsa 15 urteko mutil etiopiarra, Lampedusan lehorreratu zuten iragan ostiralean ospitale arreta behar zuelako.
EITB Media azken misio honen lekuko berezia izaten ari da. Izan ere, Asier Sanchez kazetaria ontzi barruan doa, jarraipen zabala egiteko eta bigarren misio honen nondik norakoak gertutik ezagutzeko.
Erreskate ontzia ekainaren 6an abiatu zen Palmako portutik Mediterraneo erdialdera, denboraldiko bigarren misio humanitarioan.
Aurreko misioetan bezala, pobreziatik edo gerratik ihesean, Mediterraneo itsasoan euren bizitzak arriskuan jartzen dituzten migratzaileak erreskatatzea da helburua.