Gizartea -

Nafarroa

Epaileak Tafallako ustezko fratrizida espetxera bidali du

Konkretuki, behin-behineko espetxealdia ezarri dio. Epaileak ebazpenean azaldu duenez, delitu zantzuak "sendoak" dira; izan ere, ikertua Tafallako Foruzaingoaren egoitzan agertu zen, anaia hil zuela esanez. Gainera, arropan odol arrastoak zituen.

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tafallako Instrukzio-epaitegiko epaileak asteartean ustez anaia hil zuen gizona espetxera bidali du. Konkretuki, behin-behineko espetxealdia ezarri dio.

Epaileak ebazpenean azaldu duenez, delitu zantzuak "sendoak" dira; izan ere, ikertua Tafallako Foruzaingoaren egoitzan agertu zen, anaia hil zuela esanez. Gainera, arropan odol arrastoak zituen.

Asteartean biktimaren gorpua altxatu zutenean, atxilotuaren anaiak aurpegian eta gorputzean odola zituela egiaztatu zuten poliziek, baita sukaldeko aizto batekin egindako zauriak ere, epaileak gogorarazi duenez.

Gainera, erantsi duenez, gorpuak gutxienez 15 zauri zituela argi utzi zuten Poliziaren txostenean, horietako zortzi lepoan.

Atxilotu bezain laster, atxilotuari alkohol eta droga probak egin zizkioten, baina negatibo eman zuen.

Asteazken honetan epailearen aurrera eraman dute. Bertan gertakariak aitortu ditu, eta egindakoa justifikatzen saiatu da: "anaiarekin eztabaidan denbora asko zeraman, eta askotan mehatxu egin zion". Objektu pertsonalengatik, eztabaida berri batean, "bere onetik atera zuen", onartu du.

Bestalde, "nahasmendu disoziala" duela esan du atxilotuak, baina tratamendurik jasotzen ari ez dela gaineratu du. Anaia kartzelan egon dela eta nahasmendu psikologikoak dituela azaldu du.

Espetxe zigor eskaera eta batere erroturik ez dagoela kontuan hartuta, epaileak "ihes egiteko arriskua begi-bistakoa" dela uste du, eta, horregatik, behin-behineko espetxealdia ezarri dio.

Atxilotuaren defentsa, aldiz, espetxeratzearen aurka agertu da. Horrela, fidantzarik gabe, behin-behineko askatasuna eskatu du, edo aukeran, gizona zentro psikiatriko batean ala kartzelako erizaintzan sartzea.

Epaileak eskaera atzera bota du; izan ere, "ikertua lasai ikusi dugu, eta ez du agerraldi psikotikorik izan, esaten eta egiten zuenaz jakitun".

Ebazpena ez da irmoa, eta Instrukzio-epaitegiaren aurrean helegitea aurkezteko aukera dute aldeek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Tafalla Albisteak Foruzaingoa Erailketak