Gizartea -

Naestved (Danimarka)

Barnahus: Sexu-abusuen izugarrikeria kontatzeko eta zauriak sendatzeko esparru atsegina

Euskal ordezkaritza batek Danimarkako haurren etxe bat bisitatu du Naestved hirian, nola funtzionatzen duen bertatik bertara ikusteko eta eredua Euskadira ekartzeko.

Naestved (Danimarka). Argazkia: Irekia.
Naestved (Danimarka). Argazkia: Irekia.
Barnahusetan eraso sexualen biktima diren umeei arreta integrala ematen diete Danimarkan

01:34

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Naestved (Danimarka) hiriko Barnahusean edo umeen etxean sartzea kolore espazio batean murgiltzea da, pasilloetan animalien kartelak, jostailuak eta panpinak daudelako; baina atzean errealitate gogorrago bat ezkutatzen da, sexu-abusuen biktimak izan diren adingabeek lekukotza ematen duten tokia baita. Era berean, arreta terapeutikoa jasotzen dute. Eredua Islandian jarri zuten martxan, 1998an.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaietarako sailburuak eta euskal ordezkaritza batek Danimarkako umeen etxe bat bisitatu dute hirian, nola funtzionatzen duen bertatik bertara ikusteko eta eredua Euskadira ekartzeko; izan ere, aurreneko haurren etxea Gasteizen eraikitzen ari dira.

Bi pasillo luze

Kanpoaldetik leiho askoko eraikin gris bat ikusten da. Ate nagusia zeharkatzerakoan, aldiz, kolorea da protagonista. Barnahusa bi pasillo luzek zatitzen dute, poliziala eta terapeutikoa, eta, horien alboetan, gela ugari daude, Trine Berger haurren etxeko zuzendariak euskal ordezkaritzari azaldu dionez.

Polizia-pasilloa

Polizia-pasilloan lau gela daude, horietako bi adingabeak elkarrizketatzeko dira, eta beste biak, monitorizatzeko. Bertan dozena bat pertsonak, tartean, fiskalek, abokatuek eta talde psikosozialak, adingabearen deklarazioa jarraitzen dute zirkuitu itxi baten bidez. Danimarkaren kasuan, elkarrizketa polizia batek egiten du, delitu mota horietan eskarmentua duen agente batek, alegia.

Helburua grabatzen den deklarazioa, zabaldu daitekeen prozesu judizialean erabili ahal izatea da. Horrela, adingabeak bizi izandakoa toki ezberdinetan kontatu behar izatea saihestu nahi dute, eta horretarako leku seguru eta atsegin bat eskaini.

Foto: Irekia

Foto: Irekia

Lekukotzak jasotzen diren geletako batean, peluxezko hartz batzuk dituzte, txikienek min non egin dieten azaldu ahal izateko; eta bestean haurren marrazkiak hormetatik zintzilik daude. Bitartean, gurasoak beste areto batzuetan zain daude, psikologo baten laguntzarekin. Gela guztiak intsonorizaturik daude.

Armairu horiak dituen sukalde bat ere badago, non adingabeei galletak eta edariak ematen dizkieten deklarazioaren ostean edo atsedenaldietan.

Pasillo terapeutikoa

Pasillo terapeutikoan edo tratamendurako korridorean zortzi gela daude: bik adingabeen eta psikologo taldearen arteko bilerak hartzen dituzte, eta beste lau txikiagoak dira, haurrak gurasoekin elkartzeko dira.

Jostailuak dira nagusi bertan; sukaldetxo bat, puzzleak, hondar kutxak etab. Barnahusean, erizainek adingabeak ikusten dituzte, baita pediatra batek astean behin ere.

Une honetan, aretoak ez daude adinaren arabera antolatuta, baina etorkizunean hori egiteko asmoa dute, Bergerrek aurreratu duenez. Norvegiara egindako bidaia batetik hartutako ideia da.

Bisitan zehar euskal ordezkariek funtzionamenduaren inguruko galderak egiteko aukera izan dute. Besteak beste, epaileek, fiskalek, Eusko Jaurlaritzako adingabeen arreta zerbitzuko kideek, ertzainek eta Osakidetzako profesionalek osatu dute ordezkaritza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Nazioartea Europar Batasuna Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Umeak Danimarka Sexu erasoak Sexu abusuak Eliza Katolikoan