Gizartea -
BURU OSASUNA
Bere buruaz beste egiten ahalegindu diren pertsonak "hobeto artatzeko prozedura" ezarri du Osakidetzak
Halaber, Osasun Eskola zerbitzuaren bidez, suizidioa prebenitzeko online ikastaroak eskainiko dituzte. Hiru orduko saioak izango dira, eta informazio teorikoa partekatzeaz gain, kasu praktikoak aztertuko dira bere buruaz beste egiteko arriskuan daudenen inguruko pertsonekin.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Suizidioa Prebenitzeko Estrategia eguneratu du Osakidetzak, eta, bertan, Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea (CISR) izeneko prozedura gehitu du. Bere buruaz beste egiten ahalegindu diren pertsonei arreta hobea eta jarraipen zehatzagoa egitea dira helburu nagusiak, horretarako behar diren baliabideak indartuta. Osakidetzaren sare osoan martxan dago, jada, eta gaur eman du horren berri Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, Bilbon egiten ari diren Osasun Mentaleko XII. jardunaldietan.
Alerta aktibatzen den unetik, pazienteari laguntzeko jarraituko diren urratsak jasotzen ditu CISR prozedurak. Hala, gaixoaren psikiatra arduradunak ospitalean alta ematen duen unean jarriko da martxan protokoloa, eta bere buruaz beste egiten saiatu den pertsonak, gehienez ere 48 orduko epean, Osasun Kontseiluko profesional baten deia jasoko du, "haren egoera ezagutu eta laguntza-urratsak emateko". Pauso hori eman ondoren, 15-30 eguneko epean berriro deituko zaio, nahi izatera, Osasun Mentaleko profesional batekin hitzordua eskainiz, "gehienez hiru eguneko epean".
Bestalde, Osakidetzaren Osasun Eskolaren bidez, suizidioari aurre egiteko online ikastaroa eskainiko da, lehen aldiz. Hiru orduko saioen bidez, informazio teorikoa eta praktikoa partekatuko da bere buruaz beste egiteko arriskuan egon daitekeen pertsonaren ingurukoekin. Besteak beste, suizidio-jokabideen inguruko oinarrizko kontzeptuak azalduko dira, "arriskuan dauden pertsonak hobeto detektatu" eta behar dituzten tresna egokiak eskura jartzeko.
Ikastaroaren egitura eta edukia zehazteko, saio pilotuak egin dira aurretik. Gizarte-zerbitzuetako langileek, gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariek edota farmazia-zerbitzuetako langileek hartu dute parte, besteak beste, eta emaitza oso positiboa izan dela esan du Sagarduik. "Lehen ebaluazioan, esperientzia pilotuak erakutsi du hobetu egin direla profesionalek suizidioa prebenitzeari dagokionez dituzten ezagutza eta autokonfiantza", nabarmendu du.