Gizartea -
Indarkeria matxista
Sopelako jaietan kontzertu bat bertan behera utzi zuten, taldeko emakumeek jasandako eraso matxisten ondorioz
Virgin Mari DJ Set taldeko kideei irainak oihukatu eta objektuak bota zizkieten. Emanaldia bertan behera utzi zuten eta txosnak itxi egin zituzten. Erasotzaileak 15-16 urteko mutilak dira.
EITB MEDIA
Virgin Mari DJ Set taldeko kideek joan den igandean Sopelako jaietan eskaini zuten kontzertuan eraso matxistak jasan zituztela salatu dute. Erasoaren ondorioz emanaldia bertan behera utzi zuten eta txosnak itxi egin zituzten.
Gaur sare sozialetan argitaratu duten bideo batean batean azaldu dutenez, agertokian zeudela 15 eta 16 urte arteko mutil talde bat irainka hasi zitzaien eta hainbat objektu bota zizkieten.
Hasieran, ez zieten irainei garrantzirik eman, baina emanaldiak aurrera egin ahala egoerak okerrera egin zuela kontatu dute. "Puta" bezalako irainak jasan behar izan zituzten eta "botilak eta izotzak" jaurti zizkieten, "esbastikak erakusten zituzten bitartean". "Neskak eta gazteak izateagatik" egin zietela eraso salatu dute. Halaber, soinu teknikariari jo egin ziotela azaldu dute.
Testuinguru horretan, eta beren "ongizatea arriskuan" zegoela ikusita, 22:00ak inguruan, kontzertua amaitutzat eman zuten eta haien ostean jo behar zuen Labana taldeak ere agertokira ez igotzea erabaki zuen. Ildo berean, txosnak itxi egin zituzten.
Gauzak horrela, Sopelako Sugarri mugimendu feministak, Virgin Mari DJ Set eta Labana taldeek agiri bateratu bat kaleratu dute, jarrera eta eraso matxistarik onartuko ez dutela adieraziz eta "borroka feministaren alde eszenatokiak eta lehen lerroak okupatzen" jarraituko dutela azpimarratuz.
Halaber, datorren ostiralean manifestazioa egingo dute Sopelako udaletxetik abiatuta, erasotzaileek jai-guneetan lekurik ez dutela aldarrikatzeko.
Bestalde, Sopelako Udalak ere salatu du txosna-gunean izandako eraso matxista eta biktimei babesa eta elkartasuna helarazi dizkie.
Horrez gain, emakumeek aurkako indarkeria adierazpen guztiak gaitzesten dituela eta mugimendu feministak gertakari horren harira deitutako mobilizazioekin bat egiten duela adierazi du.