Gizartea -
TRAFIKOA
Normaltasuna nagusi irteera operazioaren lehen egunean, trafiko pilaketak egon diren arren ohiko lekuetan
Arratsalde osoan zehar, trafikoa mardula izan da ohiko puntuetan, pixkanaka murriztera egin duten pilaketekin. Ostiraleko azken orduetan, zirkulazioa nabarmen arindu da.
N. B. | I.L. | EITB MEDIA
Gaur, ostirala, hasi da udako lehen irteera-operazio handia eta zirkulazio-dentsitate handia espero da Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan, batez ere, 15:00etatik aurrera. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren aurreikuspenen arabera, Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziak Euskadiko errepideetan 2019koaren "antzeko" joan-etorrien kopurua izango du. Orain, lehen orduetan lasaitasuna da nagusi, ohiko puntuetan trafikoa handia dabilen arren.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak arratsaldean zehar luzatu diren auto-pilaketen berri eman dio eitb.eus-i. Dena dela, zenbait puntutan arintzera jo dute azken orduotan.
Hala, pilaketak amaitu egin dira AP-8ko 0 puntu kilometrikoan, Irun aldean, Baionarako noranzkoan. Bi kilometrokoak izatera iritsi dira, arratsaldeko lehen partean. Zarautzeko ordainsariaren parean ere, Donostiarako noranzkoan, pareko auto-ilarak sortu dira.
Arratsaldeko lehen orduetan, trafikoaren foku nagusietako bat Muskizen kontzentratu da, A-8 errepidean, Kantabriarako bidean. Hala ere, azken orduetan dentsitatea nabarmen murriztu da, eta unean normaltasunez ibil daiteke.
Gainera, 19:00ak aldera istripu bat izan da AP-68an, Urkabustaiz parean, Bilbora bidean. Kaltetutako ibilgailuak tokian dirau eta larrialdietako zerbitzuak ere bertaratu dira ezbeharra artatzera, bideko zati bat okupatu dutelarik.
Udako irteera operazioa
Irteera operazio honetan, 38 milioi joan-etorri baino gehiago espero dituzte barne-trafikoari dagokionez, baina, hala ere, Trafiko zerbitzuak zehaztu du kopuru hori erregaien prezioaren gorakadak baldintzatu dezakeela.
Nolanahi ere, bidaia hasteko ordurik txarrenak gaurko 15:00etatik 23:00etara eta larunbat goizean izango dira, tarte horietan trafiko "handia" egongo baita.
Ohikoa denez, arreta berezia jarriko zaie puntu "kritikoei": A-8 autobidea Kantabriarako noranzkoan, AP-8 autobidea mugaldean, Armiñongo lotunea, AP-1 eta N-622 errepideen arteko lotuneak Gasteizerako bidean, eta N-622 eta A-1 errepideak Burgoserako noranzkoan.
Gainera, nazioarteko trafikoaren fluxua itzuliko da, Itsasartearen Pasabidearen Operazioa berriro aktibatu delako, covid-19aren pandemiak eragindako bi urteko geldialdiaren ondoren. Beraz, aurreikuspenen arabera, uda honetan nazioarteko trafikoaren fluxu handiagoa zeharkatuko du Euskadik, batez ere, Portugalera eta Afrikako iparraldera doana.
Guztira, nazioarteko 1.850.000 ibilgailu igaroko dira euskal errepide-saretik. Hori dela eta, seinaleztapen bereziak jarriko dituzte AP-1 autobideko Etxabarri Ibiñako irteeraren eta N-622 errepidearen arteko lotunean, Gasteizerako noranzkoan, eta, Gasteizen, N-622 eta A-1 errepideen arteko lotunean, Burgos/Madril noranzkoan.
Eusko Jaurlaritzak uda osoan indartuko du errepideetako egoerari buruzko informazioa, Mezu Aldakorreko Panelak, trafikoa.euskadi.eus webgunea, TrafikoaEJGV APPa, Twitter eta 011 telefonoa (24 orduko arreta-zerbitzua) erabilita.
Udako hegaldiak Bilboko aireportuan
Bilboko aireportuak 583 hegaldi aurreikusita ditu uztaileko lehen asteburu honetan, AENAk emandako datuen arabera. Zehazki, ostiral honetan 159 hegaldi programatu dituzte; larunbatean, 122 eta igandean, 136. Gainera, astelehenean, jaieguna, 166 hegaldi izango dira Bizkaian.