Gizartea -
Koronabirusa
Zupiria: "60 urtetik gorakoekin eta gaitzen bat dutenekin kezka eta arreta izaten jarraituko dugu"
Eusko Jaurlaritzan bozeramailearen hitzetan, "eszenatoki berri" batean gaude omikronen azpialdaerak zein bilakaera izango duen ikusteko dagoelako. Horren aurrean, berretsi du Osasun Saila eta Osakidetza bera "adi-adi" egon beharko direla.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Omikronen azpialdaerak ekarri duen "eszenatoki berria"ren aurrean, 60 urtetik gorakoekin eta gaitzen bat dutenekin "kezka eta arreta" izaten jarraituko du Osasun Sailak, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu duenez.
Kutsatzeek gora egin dutela eta, zuhurtziarako deia egin zuen atzo, ohar bidez, Osasun Sailak, eta hain justu, egoera epidemiologikoaren inguruan galdetu diote kazetariek Zupiriari gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gobernu bileran egindako gogoeta zertan izan den azaldu du Zupiriak: "Sailburuak gogorarazi digu azken hilabeteotan azpimarratu duen ideia hori: covidari aurre egiteko neurri batzuk arindu diren arren, pandemiak hor jarraitzen duela".
Hori horrela, Osasun Saila eta Osakidetza "adi-adi" egon beharko dira ikusteko azpialdaera horrek erietxeen arretan "tentsiorik sortzen" duen. Izan ere, Zupiriaren hitzetan, ikusteko dago txertoei esker edo gaixo egoteagatik lortutako babesa nahikoa ote den azpialdaera horren aurrean.
"Eszenatoki berri" hori Europa osoan dago, eta han ere "adi" daude gaixotasunak har dezakeen bidearekin eta aurre egiteko hartu behar diren neurriekin. Bozeramailearen esanetan, erabakitzeko dago "zein den egoera berri horri aurre egiteko txertaketa estrategia onena".
Zupiriak berretsi egin du ospitaleetako okupazioak gora egin duela, baina kasuak arinagoak direla. "Egoera ez da joan den udazkenean edo udan izan genuena", aitortu du. Dena dela, ohartarazi duenez, "60 urtetik gorakoen artean eta gaitzen bat dutenen artean eragin arriskutsua" izan dezake eta, hortaz, horiei arreta ematen jarraituko dutela azpimarratu du.
Azkenik, jaietan pertsonen arteko harremanek gora egiten dutela eta, Zupiriak festak "aire librean eta ondo aireztatutako lekuetan" egitearen alde egin du, eta honako gomendioak eman ditu: txertaketa pauta osatzea, norberaren higieneari eustea, eta "pertsona nagusiekin eta gaixo daudenekin oso kontuz" ibiltzea.
Generalitateak bat egin du EAEk eta Galiziak egindako eskaerarekin
Era berean, Zupiriak iragarri du Josep Maria Argimon Kataluniako Gobernuko Osasun kontseilariak bat egin duela EAEko eta Galiziako osasun arduradunek Lehen Arretako egoera konpontzeko sinatutako manifestuarekin.
Bozeramaileak argitu du gobernu bileran ez dutela atzo kaleratu zen agiria hizpide hartu, baina jakinarazi du Generalitateak ere bi erkidegoek izenpetutako adierazpena sinatuko duela, eta horren defentsa egingo dutela hirurek biharko (asteazkena) Lurralde arteko Batzordean.