Gizartea -
Bizkaia
"Aukera guztiak zabalik" ditu Ertzaintzak Santurtzin hildako adingabearen auzian
Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak azaldu duenez, "lekukoek eta kaleko segurtasun kamerek esan dezaketena" biltzen ari dira. "Ikerketa sakondu egin behar da, ez da hipotesirik egiteko unea", zehaztu du.
E. G. | EITB Media
Ertzaintzak "aukera guztiak zabalik" ditu Santurtzin (Bizkaia) hilda topatu zuten 15 urteko mutikoaren auziaren ikerketan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur, asteazkena, azaldu duenez. "Ikerketa sakondu egin behar da, ez da hipotesirik egiteko unea", zehaztu du.
Ikerketaren nondik norakoen inguruan galdetu diote Erkorekari Ertzaintzak uztailean martxan jarriko dituen berrikuntza teknologikoak aurkezteko agerraldian.
Sailburuaren esanetan, Poliziak egunak daramatza "zer gertatu zen eta mutikoa norekin eta nondik ibili zen" argitu nahian, eta, horretarako, lekukoak galdekatzen eta segurtasun kamerak aztertzen ibili da. "Datuak batu ahala, hipotesi zehatzagoak egiten joango gara", erantsi du.