Gizartea -

Iragarpena

Uda beteko eguraldia nagusi asteburuan

Antizikloi baten eraginpean izango gara datozen egunetan, eta, hala, eguzkia eta tenperatura atseginak izango dira protagonista.

Uda sasoiko eguraldia izango dugu datozen egunetan. Artxiboko argazkia: EFE
Familia bat, Donostiako Ondarreta hondartzatik paseoan.
Uda sasoiko eguraldia izango dugu datozen egunetan. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azoreetatik gertu kokatutako antizikloi batek giro egonkorra ekarriko digu datozen egunotan Euskal Herrira. Hori horrela, uda beteko eguraldiaz gozatu ahalko dugu asteburuan, baina baita hurrengo asteko hastapenean ere, EITB Mediako Meteorologia Zerbitzuak egindako iragarpenaren arabera. 

Ostiral honetatik bertatik igarriko da aro atsegina: orduek aurrera egin ahala, garbitzera egingo du zeru gainak, eta tenperaturek goranzko joera hartuko dute.  

Larunbatean, beste koska bat igoko dira termometroak. Kostaldean, maximoak 25 ºC-ren bueltan errendituko dira, brisa lagun. Barnealdean, oro har, ez da 30 graduren langa gaindituko. Lurraldearen hegoaldean, Arabar Errioxan eta Nafarroa erdialdean eta Erriberan, ordea, bero puntua sumatuko da (31-33 ºC-koak izango dira beroenak). Zerua oskarbi egongo da egun osoan. 

Igandean ere bide beretik jarraituko du giroak. Urdin-urdin ikusiko dugu zerua, goizean laino maskalen bat egon daitekeen arren. Tenperaturari dagokionez, gorako bidean jarraituko du, eta kostaldean 25 ºC-ko maximoekin eutsiko badiete ere, gainerakoan bero egingo du, eta Ebro Ibarrean, Iruñea tartean, 35 ºC-ak harrapa ditzakete. 

Joeraren arabera, giro egonkor horrek segida izango du aste hasieran. Laugarren egunetik aurrera, iragarpenek fidagarritasuna galtzen dute, baina badirudi asteartetik aurrera are gehiago berotu dezakeela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen ari da Bilbon? Donostiako azken albisteak Iruñea azken orduko berriak Gaurko albisteak Nafarroan Iparraldea berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Baionako bideoak Eguraldia argazkiak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz albisteak Albisteak Udako azken ordukoa